Herri harresi sendoa faxismoaren aurka
Vox edo faxismoaren edozein adierazpen gutxiesteko eta "probokazioetan ez erortzeko" eskatu du Orereta/Errenteria Herri Ekimenak.
Manifestazio erraldoia egin dute faxismoaren aurka. Kalea hartu dute faxismoaren aurka, eta mezu argia helarazi, “gure herria eta gure izaera antifaxistak dira”. Ehunka eta ehunka herritar atera dira gaur arratsaldean kalera Orereta/Errenteria Herri Ekimenak Faxismoaren oldarraldiaren aurrean, askatasuna lelopean deitutako manifestazioarekin bat eginda. Pankartaren atzean, adin, jatorri, izaera eta pentsaera askotariko herritarrak bildu dira, Errenteria-Oreretaren giza ehunaren kalitatea bista-bistan jartzeko eta oihu ozena egiteko faxismoaren aurka.
Asteazkeneko agerraldian egin moduan, kolore anitzez eta askotariko aldarrikapenez bete dute manifestazioaren ibilbidea bertaratutakoek, guztiak batera, faxismoaren aurka. Lasai joan da manifestazioaren ibilbidea, kalez kale mezu antifaxista zabaltzen. Besteak beste Oreretatik ez dira pasako, Orereta antifaxista, edota Faxistak kanpora oihuak etengabeak izan dira. Herriko Plazatik abiatuta, Zumardian bukatu da protesta, herriaren erdi-erdian, oreretarrentzat erreferentziazkoa den espazioan, bihar Vox alderdi ultraeskuindarrak propaganda karpa jarri asmo duen eremuan.
Iñaki Iglesiasek euskaraz eta Ageda Blascok gaztelaniaz irakurri dute manifestazio bukaerako agiria. Herritarrek aurrera pausua eman dutela gaur internazional erreakzionarioaren aurrean esan du hizlariak, “horien agendaren eraginez, eskuineranzko desplazamendua ematen ari da mundu mailan”. Euskal Herria ez dela burbuila eta munduan gertatzen ari denak bertan eragina izan baduela nabarmen jarri du, “eta gaur gaurkoz gure herrian eskuin muturraren hazkundea antolatua eta egituratua denik esan ezin daiteke; eragite ahalmena marjinala da. Baina horrek ez du esan nahi Euskal Herrian joera erreakzionarioak sumatzen ez direnik”. Hori horrela, adi egoteko deia bertan ere balioa atzerakoiak zabaltzen ari diren zalantzarik ez dutelako gaurko protestaren deitzaileek, “arlo guzietan ez bada ere, gai batzuetan eskuin muturraren mezuak euskal jendartean barneratzen ari direlako”.
Asteazkeneko agerraldian esandakoaren haritik jo dute gaur ere Orereta/Errenteria Herri Ekimeneko ordezkariak eta Euskal Herriaren historian mugarri izan diren hainbat gertakariei erreparatzeko atzera begira jarri dira. Hori horrela, «Gernikako errautsetatik biziberritu» den herria dela jarri dute nabarmen, asteazkeneko agerraldian egin moduan: «Garaiko faxistek suntsitu nahi izan zuten herria da gurea. Ondoren 40 urtez errepresio gordina jasan behar izan zuen herria da gurea: gure nortasuna ukatu ziguten, euskara ikastea eta erabiltzea debekatu, emakumeok menpeko eta meneko bizitzetara kondenatu, edota sexu eta identitate disidenteak ukatu». Zapalkuntzaren aurrean «altxa» zen herria ere badela Euskal Herria erantsi dute, bestalde, «borrokaren bidez langileontzat eskubideak irabazi zituena, jatorri ezberdinak batu zituena herrigintzari bultzada emanez, emakumeon eskubideen alde borrokatu zena, euskarari bultzada eman ziona, Francisen —Vicente Vadillo Santamaria— erailketaren aurrean altxa zena. Larrutik ordaindu genuen. Baina hemen gaude».
Bihar Errenteria-Oreretara etorri asmo dutenak Gernika bonbardatu zuten haien oinordekoak direla nabarmen jarri dute berriro, «beren bandera eta agendarekin», salatu dute agerraldira bildutakoek. «Herri honetan duten ukazioa probestu eta probokatzera datoz Errenteria-Oreretara. Hona ez datoz ez bozka bila, ezta bazkide gehiagoren bila ere. Hona datoz, jakin badakitelako hemen borrokaren genealogia indartsua dagoela, herri borrokalaria delako gurea. Hona datoz, jakin badakitelako herri honetan eskubideen aldeko borrokak askotarikoak izan direla eta hemen duintasunez betetako herri bat dagoela».
Vox eta eskuin muturraren asmoak ere izan dituzte hizpide. Argi esan dute “Vox alderdiko faxista horiek” urteetan borrokaren bidez herri gisa irabazitakoak kentzera etorriko direla: “Gure nazio izaera ukatzera datoz, euskara zokoratzera, langileon eskubideak murriztera, emakumeon eskubide oinarrizkoenak ezabatzera, bizitza berri baten bila datozen migranteak kanporatzera, LGTBIQ+ eskubideak ukatzera, klima larrialdia ukatu eta kapital fosilaren interesen aldeko negozioak bultzatzera datoz”.
Berriro esan dute gaurko mobilizazio erraldoian, urrats bat atzera egitea nahi dutenen aurrean, gaurkoan pausu bat aurrera eman dutela, “pausu bat aurrera gure eskubideen eta askatasunaren alde”, eta balioan jarri dute udalerriaren aniztasuna, zalantzarik ez baitute “askotarikoen arteko aliantzak” marrazten duela Errenteria-Oreretaren izaera: “Sinetsita gaude gure herriaren alde elkarrekin ekinez, eskubide eta askatasun gehiagoren alde lerrokatuz, oldarraldi faxistari ateak itxiko dizkiogula”.
Gaur, enegarrenez, Errenteria-Oreretak bere izaera antifaxista bista-bistan utzi du, eta bihar berriz, nortasun hori berriro agerian jartzeko kaleak eta etxeetako leiho eta balkoiak aldarriz betetzera deitu du Orereta/Errenteria Herri Ekimenak. Asteazkeneko agerraldian egin moduan, herri ekimenak Vox edo faxismoaren edozein adierazpena gutxiestera deitu du, “probokazioetan ez erortzeko eskatzen dugu. Gure herrian eta gure bizitzetan hutsalak izaten jarrai dezatela!”.
Txalo eta faxismoaren aurkako oihu artean bukatu dute manifestazioa.
