Berdintasun Kontseilua sortzeko hirugarren batzarra, asteazkenean
Mahaiaren araudia definitzeko hainbat gai landuko dituzte Kultur Aretoan 17:30ean hasiko den bileran.
Kontseilua sortzeko aurreko bilera baten irudia.Lezoko Udala Aurrera urratsak egiten ari dira Lezoko Berdintasun Kontseilua sortzeko prozesuan. Hurrena hilaren 26an (asteazkenean) izango da: hirugarren batzarra egingo dute, 17:30ean hasita, Kultur Aretoan. Honakoak izango dituzte hizpide, besteak beste: foroak ase beharreko gaiak, horren dinamizazioa, erronkak eta helburuak eta kideen konpromiso maila, beti ere araudia definitzeko asmoarekin. Oraingoz, honako eragileak ari dira parte hartzen kontseilua osatzeko prozesuan: Gaxuxa, Lezdi, Etxetxo, Allerru, Piztu Lezo, Ttakun, eta Iruntzen Lezoko Emakumeen Taldea. Deia egin dute: prozesua irekia da, edonork parte har dezake. Hau da, eragile horiekin batera gehiago nahi dituzte.
Kontseiluarekin, Lezoko Udalak adierazi duenez, emakumeek parte-hartze sozial eta politikoan pairatzen duten defizitari aurre egin, emakumeen herritartasun aktiboa indartu eta talde feministen eta emakume taldeen lanaren aitortza egin nahi da. “Gainera, horien guztien interlokuzio rola sustatu nahi da, udal politiketan eta bereziki berdintasunarekin lotutakoetan eragin dezaten”.
