Kuestazioa: "Urteko egunik onena!"
Ihoteen bigarren eguna da gaurkoa. Aurten Ugaldetxon izan da HITZA, auzoan kuestazioa nola bizi duten ezagutzeko.

Herritar askorentzako egutegian gorriz azpimarratutako eguna izaten da gaurkoa. Kuestazioarena. Itsaso Marcosek, adibidez, urteko egunik garrantzitsuena dela kontatu dio HITZAri. “Niretzat urteko egunik garrantzitsuena da. Agendan seinalatu seinalatua dago. Oiartzungoek asko bizitzen ditugu Ihoteak”. Urtetik urtera, gainera, indarra hartzen ari den ohitura dela nabarmendu du oiartzuarrak.
Hamar urte daramate Marcosek eta haren lagunek Ugaldetxoko kuestazioan parte hartzen, goizetik hasi eta gauera arte “oso ongi” pasatzen dutelako. Aurten eguraldia ez dute aldeko izan, baina Euskal Herrian euria “egun bat bai eta bestea ere bai” egiten duenez, bitan pentsatu gabe etorri dira: “Auzokideekin eguna pasatzera, baserriz baserri eskertza egitera, eta nola ez, dantzatzera etorri gara”.
Dantzarako gogotsu etorri dira ere Gotzon Retegi eta Aritz Olarte, baita juerga pixka bat egitera ere. Olartek laugarren urtea du kuestazioan parte hartzen, Retegik ordea, lehen urtea duela onartu du: “Arantza sartuta neukan. Azkenean, ekitaldi hau berezia izaten da”. “Urteko egunik onena!” gaineratu du Olartek.
Atzo ikuskizuna ikusi, pixka bat poteatu eta etxera “txintxo txintxo” joan zirela kontatu dute barre artean, gaurko egunerako indarrak gordetzeko. Auzokideekin bigarren gosaria egin [lehena lagunekin egin dutelako], eta orain pixkanaka dantzatzera animatuko dira.
Gariño baserritik Esnoizera
Gariño baserrian elkartu dira ugaldetxoarrak, goizeko 09:30ean. Bertan, gosaritxo bat egin eta intxixu, basandre eta sorginekin aritu dira dantzan. Giroa ikusita Irati Odriozola antolatzailea “oso pozik” agertu da: “Eguraldia pixkat kaxkarra atera zaigu. Euria ari du oraintxe bertan, baina espero dugu denek oso ondo pasatzea, eta eguraldia eguraldi, egun borobila ateratzea”.
Dantza pixka bat egin, eta sabelak bapo bete ondoren, familia argazkia atera dute, eta segidan baserriz baserrika egingo duten bidea hasi dute. Ugaldetxoko errepide nagusia hartu eta Mendibilera joan dira zuzenean. Ondoren, Isastira joango dira. Intxixu erretegiaren ondoko plazan dantzan egingo dute hurrena. Indarrak hartzeko bigarren mokadutxo bat egin eta Txipitoko maldatik gora joango dira. Bertako baserri eta etxeetan barrena dantzan ibili ondoren Esnoizen bazkalduko dute.
Jarraian, HITZAk ateratako argazkiak eta bideoa:



























































































