Ander Iñarra eta Leire Fernandez, garaile XI. Lezo-Jaizkibelen
Ander Iñarra etxeko lasterkaria (01:06:45) eta Leire Fernandez errenteriarra (01:18:32) gailendu dira Xoxolur Mendi Klubak antolatzen duen mendi proban.

Gaur Lezoko Xoxolur Mendi Klubak antolatzen duen Lezo-Jaizkibel mendi lasterketaren XI. ekitaldia jokatu da. Eguraldia lagun, jende andana gerturatu da lasterketako hainbat puntutara lasterkariei sostengua ematera eta lasterketaz gozatzera. Gizonetan Ander Iñarra etxeko lasterkaria izan da azkarrena 01:06:45eko denborarekin. Lezoarra jaun eta jabe izan da etxeko lasterketan, eta bere seigarren Lezo-Jaizkibel poltsikoratu du. Gaurko garaipenarekin, Iñarra Lezoko mendi probaren palmares historikoko lehen postuan kokatu da, Iker Oliverirekin zuen berdinketa hautsi baitu. Iñarrak seitan irabazi du Lezo-Jaizkibel, eta Oliverik, bostetan. Amets Aranberri zestoarra (01:07:11) eta Mattin Odriozola oiartzuarra (01:08:20) igo dira Gurutze Santuaren plazako podiumera Iñarrarekin batera.
Emakumeetan Leire Fernandez errenteriarrarentzat izan da garaipena, 01:18:32ko denborarekin. 26 urteko gaztea nagusitasunez gailendu da Maud Combarieu urruñarraren (01:20:37) eta Maddi Marquet lezoarraren (01:21:33) aurretik. Fernandezen garaipenak, gainera, berezitasun bat du, hark irabazi baitzuen 15 urterekin lehen Lezo-Jaizkibel. Hortaz, errenteriarraren bigarren garaipena izan da 14 kilometroko proban.
Gaurko protagonista nagusiak, baina, Ander Iñarra eta Maddi Marquet lezoarrak izan dira, hirutan igo baitira Gurutze Santuaren plazako podiumera. Iñarrak lasterketa irabazi du, eta Marquet hirugarren izan da emakumeetan. Jakina denez, haiek izan dira lezoar onenak metan, eta su ebakiko azkarrenak ere izan dira. Iñarrak 10 minututan igo du su ebakiaren zatia, eta Marquetek, 12 minutu eta 21 segundotan.
Ohi bezala, antolakuntzak kirolari lezoar bat omendu du lasterketa bukaeran. Aurten Asier Fernandezek jaso du errekonozimendua. Fernandez atleta da, eta 60 eta 100 metrotako lasterketak lehiatzen ditu. Puntako abiadura lasterkarien pare dabil, eta 2023an Gipuzkoako 100 metrotako errekorra ondu zuen, 10 segundo eta 38 ehuneneko denborarekin. 35 urtez indarrean egon zen denbora hobetu zuen Fernandezek, eta berea da egungo errekorra. Gaur merezitako omenaldia jaso du XI. Lezo-Jaizkibelen, eta hitzeman du lasterketa lehiatuko duela urteren batean.
Horrez gain, aurtengo euro solidarioa Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundearentzat izan da. Elkarte hori lan sakona egiten ari da Mediterraneoan migrazio krisi larriaren aurrean arriskuan dauden pertsonak artatzen. Haiek ere lezoarren errekonozimendua jaso dute.
Hona hemen lasterketako sailkapenak:
Gizonak:
- Ander Iñarra Olaziregi (Lezo): 01:06:45.
- Amets Aranberri Otegi (Zestoa): 01:07:11.
- Mattin Odriozola Ibarguren (Oiartzun): 01:08:20.
Emakumeak:
- Leire Fernandez Abete (Errenteria-Orereta): 01:18:32.
- Maud Combarieu (Urruña): 01:20:37.
- Maddi Marquet Ferran (Lezo): 01:21:33.
Lezoar onenak:
- Ander Iñarra Olaziregi: 01:06:45.
- Maddi Marquet Ferran: 01:21:33.
Su ebakiko azkarrenak:
- Ander Iñarra Olaziregi: 10:00.
- Maddi Marquet Ferran: 12:21.
Sailkapen osoak Kronoak webgunean kontsulta daitezke.