Taberna, finalera
Eskisabel eta Rubenek, eta Yorel eta Abelek osatutako bikoteek garaipena lortuta Erreminta modalitatean, finalaurrekoetan sartu dira.

Asteburu oparoa EPLEkoentzat Kluben arteko Euskal Ligaren barruan. Taldekako Erreminta modalitatean bi garaipen eskuratu zituen EPLEk Agustina Otaola pilotalekuan jokatutako partidetan, eta horrenbestez, finalerdietan sartu dira EPLEko lau pilotariak. Datorrena steburuan jokatuko dituzte finalaurrekoak Bilboko Deportivo Klubaren aurka.
Joan den asteburukoari dagokionean, Eskisabelek eta Rubenek osatutako bikoteak 35-27 irabazi zuten Naldaiz eta Garridoren kontra; EPLEko Abelek eta Yorelek, berriz, 40-23 irabazi zuten Irastorza eta Letamendiak osatutako bikotea. Maila bikaina erakutsi zuten herriko lau pilotariek, ez zieten aurkariei aukerarik eman.
Eskuz binakakoan, partida gogorra eta maila handikoa Fanderian. Olaizolak eta Arangurenek 19-22 galdu zuten Ituarte eta Ereleren aurka. Lapke elkarteko pilotariak finalerdietan sartzea lortu zuten, EPLEko pilotarien kaltetan, garaipenetik gertu-gertuan gelditu baziren ere azken horiek.
Maila goreneko hiru partida izan zituzten pilotazaleek etxean gozatzeko.
Taberna, finalera
Gipuzkoako Lehenengo Mailako eskuz banakako trinkete txapelketan berri oso onak EPLErentzat. Ibon Tabernak 40 34 gainditu zuen Mundarro elkarteko Barandiaran joan den larunbatean Irurako trinketean jokatutako finalaurrekoan. Partida luze bezain gogorra, eta azkenean, EPLEkoak lortu zuen txartela final handirako.