Sudur gorriak jantziko ditu EMKE Bandak
'Emke Bandi Zirkus' emanaldia ondu du musika bandak Berdinki Konpainia, Marsel Magoa, Pontx pailazoa eta Andoni Agirregomezkortarekin elkarlanean. Martxoaren 16an emango dute Lekuona Fabrikan.

Esperimentazioan aditua denik ezin uka, ezta emaitza zinez ikusgarriak lortzen dituela ere. EMKE Musika Bandak musika eta zirkua uztartu ditu bere emanaldi berrirako, eta gaur eman ditu xehetasun guztiak haren lehendakari Josu Mitxelenak. EMKI Bandi Zirkus emanaldia, martxoaren 16an egingo du bandak, igandearekin, 18:30ean Lekuona Fabrikan.
Emanaldia egingo duten espazio berean egin dute gaur agerraldia EMKEren lehendakariak eta emanaldia zuzenduko duen Aitor Mitxelena EMKE Bandaren zuzendariak. Ez dira bakarrik aritu EMKEren bi ordezkariak, ikuskizunaren parte izango diren Berdinki Konpainiako Irati Gonzalez Jaimerena eta Koldo Arakistain Irazusta, Marsel Magoa eta Maite Gartzia Kultura zinegotzia ere izan dira agerraldi horretan. Ikuskizunean arituko da ere Pontx pailazoa; ezin izan duenez bertaratu, mezua helarazi du. Aurkezle lanetan, berriz, Andoni Agirregomezkorta ariko da.
Ez da lehen aldia zirku mundua musika bandaren doinuekin uztartzeko saiakera egin duela EMKEk. Izan ere, 2008an formatu txikian egin zuten uztarketa hori bandaren lehendakariak adierazi duenez, “orduan jabetu ginen potentea izan zela oso, ideiak oso ondo funtzionatuko lukeela eta urteetan egon da hor. bestelako emanaldiak ondu ditugu clownekin adibidez. Haurrei begira ia denetik egin dugu urtean bat gutxienez haiei begira antolatzen dugulako, eta Lekuona martxan egonda zirkua gureganatzeko momentu egokia iruditu zitzaigun zerbait handia egiteko”.
Pentsatu eta egin. Zirkua osatzeko bilaketari ekin zioten, orduan: “Pailazoak behar genituen, hezitzaile ausarta, magoa, akrobatak eta orekariak”. Bide horretan jo zuten emanaldiaren protagonista ere izango diren Marsel Magoarengana, Berdinki Zirku Garaikide Konpainiarengana, eta Pontx pailazoarengana.
Duela urte batzuk abiatutako ibilbidearen testuinguruan kokatu du Mitxelenak emanaldi berria, “beste eszenografia batzuk, beste proposamen batzuk eskaini eta inguruan daukagun ekosistema zabala uztartzeko apustua egin genuen, emanaldi berritzaileak eskaintzeko batetik, eta artista horien lana sustatu eta ikusarazteko, bestetik”. Marsel Magoa eta bandaren arteko elkarlana ez da berria, lau magorekin batera emanaldia antolatu zuelako bandak eta Marsel izan zen parte hartu zuen magoetako bat. Berdinki eta Pontxo elhen aldiz ariko dira EMKErekin oholtza gainean elkarlanean.
Lekuona Fabrikari aipamen berezia egin dio, bestalde, Mitxelenak: “Etxe honetan lan egitea beti da zoragarria. Bertan dugu lan ikaragarria egiten duen Javi Cruz zuzendari teknikoa dugu eta aipamena egin nahi diot eta aitortza, berekin edozer egitea zoragarria delako, lana ikaragarri errazten duelako”. Bandaren zuzendariak, aipamena egin die ere EMKE Bandaren bi zuzendariei, aitor Mitxelena eta Alain Aierdiri, “luxu bat da ditugun bi zuzendariak izatea”.
Aitor Mitxelenak zuzenduko du zirku bilakatuko den banda. Irrikaz hitz egin du emanaldi berriaz eta aitortu lan handia suposatzen badu ere halako emanaldien prestaketak, “gozamena” dela, “bere fruitua ematen du lan horrek, eta Lekuona Fabrika betetzen badugu, ontzat ematen dugu egindako lan guztia, pozik izango gara. Disfrutatzera etorriko gara, eta gozatuko dugun zalantzarik ez dut”. Musika aldetik denetarik entzuteko aukera izango dela 16ko emanaldi horretan azaldu du zuzendariak, “zirkuko musika, musika efektista, pelikuletakoa. Garrantzitsuena emanaldian, baina, akrobatek, magoak, pailazoak egingo duena izango da, musikariak bigarren plano batean izango gara, emanaldia aberasten”.
Uztarketa ederra dela gaineratu du lehendakariak, “zirkua eta musika beti joan izan dira eskutik”. Emanaldian zehar, “sorpresa ugari”, eta “espontaneoren bat” ere izango dela azaldu du. Espoilerrik ez du egin Mitxelenak.
Emanaldiaren atzean dagoen lan handiari azpimarra jarri dio EMKEren lehendakariak: “Talde handia gara, 60 lagun eta denak mugitzea soilik lan handia da jada. Horrekin batera musikari konponketak egin behar izaten zaizkio emanaldietarako doitzeko. Lan ikaragarria dago halako emanaldi baten atzean”. Emanaldiaren gaineko zehaztapen gehiago ere eman ditu Mitxelenak, eta azaldu, clown kodean egingo dutela, “hitz batzuk izango dira, gutxi, aurkezlearenak eta, baina emanaldi guztia, artistak hasten direnean clown kodean egingo dute. haurrak adi-adi egoten dira, jarraitzen dute eta guri ere gustatzen zaigu kode hori, egokia iruditzen zaigu halako emanaldi baterako. Musikak protagonismoa izango du artistekin batera”.
Sarrerak salgai martxoaren 3an
Emki Bandi Zirkus emanaldirako sarrerak datorren astelehenean jarriko dituzte salgai online eta Lekuona Fabrikan bertan modu presentzialean 7 euroan. Ikuskizuna “ederra” izango dela hitz eman du lehendakariak, “espero dena beteko dugula”. 449ko lagunentzako lekua izango du Lekuona Fabrikak emanaldirako.
Gartziak balioan jarri du bere aldetik, proiektua bera zein hura posible egingo duten eragileak: “EMKE Banda altxorra da, eta udala oso harro dago gure banda eta egiten dituen proiektuekin, oso aberatsak direla eurentzat, baina baita herritarrentzat ere. Egiten duzuen guztia arrakastatsua da, eta emanaldia hau ere hala izango den zalantzarik ez dut”.
Marsel Magoak ere hartu du hitza eskerrak emateko, “esperientzia oso polita da, luxua. Artistek musika zuzenean izatea ez da ia existitzen eta guretzako handia da. Clown Kodean, gainera, musika ordezko bat da, hizkuntza eta gidoia ordezkatzen ditu. Hemen banda batekin magia sortuko da, luxua da hori artistontzat, zuzeneko musikak emozioak sortzen dituelako”. Esandako hori praktikara eraman du magoak, horrela dela erakusteko eta zuzeneko musikarekin magia trukoa egin du erakusteko musika bada, hitzik ez dela behar ulertzeko. Albiste amaierako bideoan ikus daiteke truko hori.
Pontx pailazoak ere bidali du mezua. Hitzordua jarri du berak martxoaren 16an Lekuona Fabrikan musikaz eta zirkuaz gozatzeko, “pailazokeriak ere ez dira faltako”.