Ultraeskuinaren komunikazio estrategiak aztergai, Jonathan Martinezekin
Bihar, osteguna, izango da hitzaldia EH Bilduk antolatuta, 18:30ean Reina aretoan.
Jonathan Martinezek emango du hitzaldia. Argazkia: Alternatiba Sareak, komunikabideak eta ultraeskuinaren estrategiak hitzaldia emango du bihar, osteguna 27, Jonathan Martinezek Reina aretoan 18:30ean. Orereta/Errenteriako EH Bilduk antolatu du hitzaldi hori Demokrazia askatu, Faxismoari stop! jarduera dinamikaren barruan. Dinamika horren barruan adierazpenak, hitzaldiak, eta bestelako proposamenak antolatuko dituela jakinarazi du koalizio subiranistak, eta horren adibide jarri du joan den urteko azaroaren 20an, “egun seinalatua” Iñaki Soto, Xabier Oleaga eta Ainhoa Intxaurrandietarekin antolatutako solasaldia. EH Bilduk adierazi duenez, “hitzaldi horren bidez herrian lanketa berria abiatu, eta borroka ildo honen gaur egungo eta etorkizuneko gakoak jendarteratzea zen helburua”.
Biharko hitzaldian, goiburuak argi adierazten duen moduan, “internazional erreakzionarioaren eta hurbileko ildo atzerakoien” estrategien berri emango du Martinezek, “hortik abiatuta faxismoaren aurrean ekimen kolektiboak lantzeko gaitasuna izateko. Izan ere, komunikazio esparrua askatzeko estrategia propioak garatu beharko ditugula jakitun gara”.
Ultraeskuinaren estrategiak gertu-gertutik ikusteko aukera izan zuten Errenteria-Oreretan, eta horri ere egin dio erreferentzia koalizio subiranistak, “ildo politiko erreakzionarioek gure herriko elkarbizitza eta kohesioa kaltetu nahiko dute, eta ezinbestekoa da egoera honetan, herritarrei baldintza politiko gaurkotuen inguruan informazioa ematea, herrian bertan antolatu eta sare globaletan gertatzen denaren aurrean ikuspegia garatzeko”.
Sare sozialek komunikabide tradizionalen eta eskuin muturraren estrategia komunikatiboen aurrean duten eginkizuna izango du aztergai Martibezek eskainiko duen hitzaldian. Hala, Trump, Elon Musken gainean ariko da, edota AEB Ameriketako Estatu Batuetako neokon berriek Europan betetzen ari diren papera aztertuko du. Espainiako Estatuari begira ere jarriko da Martinez, frankismoaren ondorengo eskuinaren berezitasunak eta euskal errealitatearekiko duten jarreraz mintzatzeko, eta diskurtso neopopulistak Euskal Herrian nola sartu diren aztertuko du.
Jonathan Martinez Montiel (Bilbo, 1982) memoria historia berreskuratzeko lanean dihardu, eta horrren barruan, diskurtso mediatikoen analisian, eta eskubide zibil eta politikoen defentsan oinarritu du bere lana. Gara, Nacio Digital, Publico, Ctxt, Radio Euskadi, Catalunya Radio, ETB eta TV3 komunikabideetan aritzen da.
EH Bilduk herritar guztiak deitu ditu hitzaldira, “proposatzen dugun ildo antifaxistarekin bat egin, eta datorren testuinguru politikoaren inguruan hobeto kokatzeko”.
