"Bihotzetik ateratzen zaidan horrekin egiten dut lan"
Abeslari eta piano jotzaile oiartzuarrak 'Napoles' abestia kaleratu du. EP bat argitaratuko du Ayendek, eta lan horren lehen aurrerapena kaleratu du gaur.

Allende Urritegi Ayende-k 2022an ekin zion haren ibilbide musikal “xumeari”. Betidanik izan du harreman estua musikarekin, pianoa jotzen baitu txikitatik, baina Lehen Hezkuntzako seigarren mailan hasi zen abestiak egiten. “Gauza sinpleen inguruan” hasieran, eta bere bizipenak ardaztuz gero. Ingelesez abestu du orain arte, baina euskaraz abesteko hautua egin du orain. Napoles singlea kaleratu du gaur.
Napoles kaleratuko duzun EParen aurrerapen kantua da.
Bost abestiz osatutako EP bat kaleratu nuen 2024an [Pain du izena], eta dena ingelesez zen. Euskalduna izanik, ordea, zer gutxiago abestiak euskaraz egitea baino. EP hori proba moduko bat izan zen. Kantuak ondo zeuden, baina hemezortzi urte nituen. Napoles, aldiz, oso ezberdina da mezu eta kalitate aldetik.
Zer kontatzen duzu abestian?
Istorio berezi bat du atzean. Izan ere, Napolesera izan zen lagunekin egin nuen lehen bidaia, pasa den urteko irailean.
Ez zen nire bizitzako momenturik onena, eta bidaia horretan aske sentitu nintzen; disfrutatu egin nuen lagunekin barre eginez eta ezertan pentsatu gabe egonaz. Abestia kaxoi batean nuen gordeta, eta erabaki nuen bidaia horri omenaldi bat egin eta abestia argitaratzea. Bidaia hilezkortzeko asmoz jarri nion Napoles izena.
Eta EPak, bere osotasunean, zein mezu dauka?
Allende berri bat erakutsiko dut abesti hauetan, helduagoa den Allende bat ikusiko da bertan. Lehen lanak desamodioa eta tristura ditu ardatz, baina abesti hauek beste mezu bat dute. Disfrutatzea, libre izatea eta nire burua aurkitzea aldarrikatu nahi ditut. Hots, nire barne sentsazio eta galdera horiek transmititu nahi ditut.
Napoles askatasun horren ingurukoa da, baina EPak ere ildo horri jarraitzen dio. Abesti berezi asko daude. Oso lan pertsonala da, eta metafora asko biltzen ditu.
Noiz kaleratuko duzu?
Oraindik ez dakit zehazki zein egunetan aterako den, baina ziur 2025 honetan izango dela. Data zehatzik ezin dut esan. EP bat zortzi abesti baino gutxiagoko proiektu bat izaten da; nire lehen lanak bost abesti eta bonus track bat zituen, eta lan hau ere printzipioz EP bat izango da. Hala ere, gerta liteke momenturen batean abesti gehiago egitea eta disko batean bilakatzea. Baina oraindik ez dakit zehazki esaten.
Argi duzu dena euskaraz izango dela.
Bai, erabat. Euskalduna naiz, baserri batean bizi naiz, etxean euskaraz egiten dugu… 2022an musikarekin hasi nintzenean ingelesez egiten nuen, baina argi nuen euskara hutsean izango zen proiektu bat egin nahi nuela hari [euskarari] omenaldi bat egiteko.
Nik euskaraz hitz egiten dut, eta naturala da hori. Behin euskaraz atera zitzaidan abesti bat, eta une horretan pentsatu nuen hori zela aitzakia euskaraz izango zen proiektuari heltzeko.
Non kokatuko zenuke musikalki zure burua?
Nahiz eta baladaren bat atera dudan, pop-rock estiloan mugitzen naiz. Batzuetan abestiek poparen kutsu gehiago izaten dute, eta beste batzuetan rockarena, baina uste dut bien batura eginda pop-rock estiloan murgiltzen naizela.
Zein da zure sortze prozesua?
Ezberdina da beti, une jakin batean gertatzen ari zaidanarekin izaten baitu lotura. Musikan sartu nintzenean nire sentimendu guztiak iraultzen nituen bertan. Nire lan egiteko modua ez da kanta bat gustatzen bazait horrelako zerbait egiten saiatzea; ezer begiratu gabe jartzen naiz pianoaren aurrean. Tira, egia da ezinbestean baditugula erreferentzia eta estimuluak, baina nire bihotzetik ateratzen den horrekin egiten dut lan. Ahotsak, koruak eta bideoklipak ere nik grabatzen ditut, baina hori mekanikoagoa da.
EPa eta gero pentsatu duzu kontzerturik ematea?
Bai, EPa argitaratzen dudanean kontzertu intimo bat egitea pentsatu dut, esaterako, Donostiako La Cripta aretoan. Aurkezpen moduko bat egin nahi nuke ni nor naizen azaltzeko abesten dudan bitartean. Baina esandakoa, zerbait intimoa egin nahi dut. Oraingoz ez da nire helburua izugarrizko kontzertu handiak egitea, ezta banda batekin hastea ere. Abestiak nik konposatu, grabatu eta jotzen ditut; dena egiten dut. Artista independente bat naiz, baina kontzertu bat emateko aukera suertatzen bazait ez dut ezezkorik emango.