Kolore morea, arraunean ere, emakumeena da
Hilaren 15ean San Pedroko emakumeen traineru bat lehiatu zen Orion lehen aldiz. Klubak jarraipena eman nahi dio bide horri, eta emakumeen sekzioarengatik apustu sendoa egin nahi du.

Hilaren 15ean Orioko XXXI. Traineru Jaitsiera jokatu zen Oria ibaiko uretan. Oriokoa arraun egutegian sona eta tradizioa duen zita da, eta, orotara, 1.000 arraunlari inguru eta 77 ontzi bildu ziren bandera lehiatzeko. Ontzi horiek hainbat mailatan lehiatu ziren, emakume zein gizonetan. Baina ontzi horietako batek Orion bildutako arraunaren zaleak harritu zituen, San Pedro emakumeez osatutako traineru batekin lehiatu baitzen Oria ibaian, gazte mailako arraunlariekin.
San Pedroko emakumeen eskifaia batek traineru estropada batean parte hartzen duen lehen aldia izan da honakoa. Nahiz eta lehia ofiziala ez izan, moreek soilik emakumeez osatutako traineru bat uretaratu zuten Orion. Parte hartze hori mugarri izan da klubean, eta «historikoa» izan dela aitortu du Xabier Isasa Sanpedrotarra Arraun Elkarteko presidenteak. San Pedroko eskifaia klubeko hamar jubenilek eta Tolosaldea Arraun Elkarteko beste bostek osatu zuten. Tolosarren laguntzaz gain, Hondarribikoena ere izan zuten moreek, berdeen traineru batekin hartu baitzuten parte sanpedrotarrek.
Isasak aitortu du bere garaian klubean ahaleginak egin zituztela emakumeen ontzi bat ateratzeko, baina asmo hori ezerezean geratu zen. Presidenteak adierazi du zuzendaritzako kideek argi zutela emakumeak aktibatu nahi zituztela eta emakumeen sekzioari bultzada eman nahi ziotela. Une honetan, 30 emakume inguru ari dira arraunean San Pedron, Haur, Kadete eta Gazte mailetan, eta klubaren helburua da sekzio hori indartzen jarraitzea. Harrobiko arraunlari mordoa ditu San Pedrok, hor daude klubaren etorkizuneko kirolariak.
Emakumeen proiektuaren lehen harria jarrita, klubaren helburua da iniziatiba horri jarraipena ematea, ezerezean ez gelditzeko. Isasak aurreratu du aurten ez direla gai izango udako lehia ofizialetan San Pedroko traineru bat ateratzeko, baina emakumeen sekzioaren zimenduak eraikitzen ari dira, etorkizunean eskifaia propio bat izateko. Klubak ikusarazi nahi du emakumeen arraunaren aldeko «apustua» egiten ari direla, eta apustu hori sendoa dela. «Helburua da emakumeen sekzioa sortzea eta eraketa hori emankorra eta iraunkorra izatea etorkizunera begira. Ez dugu ontzia sortu nahi eta bi urtetara ahaztea», aitortu du moreen presidenteak. Proiektu orok bezala, honek ere «gorabeherak» izan ditzakeela argi du Isasak, baina klubak «esperantza» du aurrera egiten jarraitzeko. Ondo bidean, klubak bi urte barru-edo emakumeez osatutako traineru bat lehian izan nahiko luke, liga ofizial batean.
Erreferente izateko nahia
San Pedron arraunean ari diren 30 emakumeak harrobiko mailetan ari dira. Klubak, orain, emakume gazte gehiago erakarri nahi ditu, eta erakutsi nahi diete herrian, San Pedron, arraunean aritzeko aukera izango dutela. Eskifaia sortzen dutenean, gazteen «erreferente» izatea nahi du klub moreak, gazte horiek ikus dezaten aukera izango dutela herriko klubean arraun egiteko.
Isasa ziur da «pixkanaka» eta «pausoz pauso» joan behar direla orain, korri egin gabe eta gauzak ondo eginez; baina pauso sendoak emanez: «Ezin dugu azkar joan eta ezin ditugu neskak behartu. Esaten diet historia egin behar dugula, baina ezin ditugu presionatu. Pixkanaka joan behar gara haiekin, oso gazteak baitira». Udan ofizialki lehiatuko ez badira ere, San Pedroko emakumeek beren historia idazten jarraitzeko aukera izango dute martxoaren 30ean. Egun horretan San Pedroko test estropada lehiatuko da, etxean, eta Isasak adierazi du emakumeen eskifaia herriari aurkeztuko diotela.