"Munduan toki bat egiteko asmoz sortu zen Puntueus"
Alor ezberdinetako ekintzailea da Arbelaitz. Bere ibilbide profesionalari buruz mintzatu da Puntueus fundazioko lehendakari berria.

Euskara, berdintasuna, informatika… alor horiek guztiek inguratzen dute Olatz Arbelaitz Gallegoren (Errenteria-Orereta, 1970) bizitza. Ibilbide luzea du, eta berriki Puntueus fundazioko lehendakari izendatu dute.
Alde profesionala alde batera utzita, nor da Olatz?
Momentuaren arabera aldatzen da Olatz; ezin nezake boteprontoan erantzun. Momentuaren arabera ezberdina izan naiteke, baina Olatz dagoeneko bada emakume heldu bat. Esango nuke neurri batean zaintzailea, konprometitua eta langilea naizela, eta horren ondorioz saltsa askotan sartzen naizela; baina beste alde batetik afizio asko ditu. Parrandazalea eta axolagabea ere izan naiteke batzuetan.
EHUren ordezkari gisa Puntueus fundazioko lehendakari berria zara. Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea?
Beti jarraitu izan dut Puntueus. Egiari zor, informatikari, euskaltzale eta euskal gizartearen parte gisa betidanik iruditu zait proiektu interesgarri bat, eta ilusio handia egin zidan hori aurrera eramateak. Egia da Puntueus fundazioko lantaldearekin harreman zuzena eta ona eduki dudala, baina lehendakari izateko proposamena ez da lantaldetik etorri; proposamena etorri zitzaidan aurreko lehendakari zenaren [Iñaki Goirizelaia] eta fundazioko idazkariaren eskutik.
Zer den ez dakien bati, nola azalduko zenioke zer den Puntueus?
Fundazio bat da Puntueus, irabazi asmorik gabeko erakunde bat, eta bertan hainbat erakundek hartzen dute parte. Patronatu bat dauka fundazioaren helburuak betetzen direla ziurtatzeaz arduratzen dena. Praktikan domeinu bat da, Interneteko abizen bat, euskal komunitateari munduan identitatea ematen dion domeinu bat.
Gaur egun Puntueusek kalitatezko zerbitzuak eskaintzen ditu: zibersegurtasun aldetik baliabide batzuk; behatoki bat ere zeinak aztertzen duen gure inguruko webguneetan euskararen erabilera zenbatekoa den… Esango nuke proiektuak badituela hezkuntza alorreko zenbait elementu etorkizuneko gaztetxo horiek pixka bat identifikatu daitezen balio horiekin. Puntueus izan liteke teknologia, euskalgintza…
Zeri erantzuteko asmoz sortu zen fundazioa?
Munduan toki bat egiteko asmoz sortu zen, uste baitut hizkuntza batek aurrera egingo badu mundu digitalean ere aurrera egin behar duela. Daramagun eboluzioarekin horrek garrantzia handia dauka. Baina Puntueusek beste balio batzuk ere bultzatzen ditu, hala nola aniztasuna mundu digitalean. Gladys saria bultzatzearena hortik etor liteke, emakumeak mundu digitalean egiten duen lana errekonozitzeko, horren beharra adierazteko…
Puntueusek bere barnean hartzen ditu .eus domeinua erabiltzen duten enpresak, norbanakoak, euskalgintzako jendea… Gizarte hobeago batekin lotuta dauden balio asko hartzen ditu bere barne fundazioak, eta gizarte digitalaren munduan dagoenez, gizarte digitalaren mundutik eragiten du.
Nolako bilakaera izan du gaurdaino?
Hamargarren urteurrena iaz ospatu genuen. Domeinuaren kopuruak hazkunde nabarmena izan du urte batzuetan, baina hazkunde hori ezin da beti maila berean mantendu. [Asteartean, erregistratutako .eus domeinuen kopurua 15.534koa zen]. Hala ere, uste dut Puntueusek berak eskaintzen duen zerbitzuen kalitatea zabaldu eta finkatu dela.
Lehendakaria zara. Zein dira, hortaz, zure helburuak?
Puntueusen lantaldeak egiten du gidaritza nagusia. Ondorioz, nire helburua da bide horretan lantaldearekin joatea. EHUko Informatika fakultateko irakaslea naiz, eta fakultate horrek teknologia zein euskararen munduan gauza asko egiten ditu. Zentzu horretan nire helburua da bide horretan ekarpen bat egitea, eta baita orain arte jarraitu duen bidean proiektua hobetzen eta sendotzen laguntzea ere.
Informatika fakultateko lizentziaduna eta doktorea zara, baita irakasle eta ikerlari ere. Zein alderdi jorratzen duzu bakoitzean?
Ikerketari dagokionean, orain horren modan dagoen adimen artifiziala lantzen dugu Ikasketa Automatikoa deritzon alorrean. Urte askoan egin dugu lan algoritmoarekin eta horien aldaerak edo hobekuntzak proposatzen, baina azken urteetan osasunaren arloan gabiltza. Biobizkaia eta Cita Alzheimerrekin kolaboratzen dugu neuroendekapenezko gaixotasunen testuinguruan egin daitezkeen aurrerapen eta hobekuntzak bilatzen. Baina algoritmoen alderdia ere mantentzen dugu. Urteetan bazterrean egon diren algoritmo horiei azalpen bat emateak garrantzia du; algoritmo horien justutasuna-edo aztertzen dugu.
Masterretan, esaterako, adimen artifizialarekin lotutako gaiak erakusten ditut, baina nire esparrua konputagailuen arkitektura deritzona da. Konputagailuen egitura da hori; atzean dagoena, makinak, makina paraleloen mundua… Bide batez, esan nahi dut maiz bazterrean uzten direla gai horiek, baina gaur egun ondo funtzionatzen duten adimen artifizialeko programak existitzen badira horien atzean dauden makinengatik dela. Arlo hori lantzea ezinbestekoa da.
Nola eragiten du adimen artifizialaren erabilerak gizartean?
Uste dut adimen artifiziala izan daitekeela oso tresna baliagarria. Medikuntzan, esaterako, diagnosi goiztiarretan bestela atzeman ezingo genituzkeen gauzak identifikatzen lagun dezake. Testugintzan ere laguntzen du. Niri itzultzaile automatikoek pila bat laguntzen didate, baina gero orraztu egin behar da ematen dizun erantzuna.
Hala ere, ez dugu ahaztu behar sistema horiek askotan nork diseinatzen dituen eta zein helbururekin, askotan onura propiorako egiten baitituzte gizartearen onurarako baino.
Planetari ere sekulako kaltea egiten diogu, sistema horiek guztiak erabiltzeak energia baliabide mordoa etengabe gastatzea eragiten baitu. Hortaz, tresna ona izan daiteke, baina garrantzitsua da jakitea zein autoritate eman dakiokeen.
Chat GPTri sekulako sinesgarritasuna eman zaio, baina hark hurrengo hitza iragarri baino ez du egiten. Galdetu diozun gaiari buruz ez baldin badakizu deus, ez dakizu eman dizun erantzunak zentzurik duen edo ez. Lagun gaitzake, baina baita trabak jarri ere.
Gainera, jakin behar da adimen artifiziala datu historikoetatik entrenatzen dela, eta ondorioz, datu horiek dituzten joerak dituela. Hortaz, gizartearen joerak ere areagotu daitezke.
Aldapa ikerketa taldeko sortzaileetako bat ere bazara.
Bai. 2001. urtetik dator Aldapa, beste talde baten eszisiotik. Unibertsitatea oso bertikala izan da urteetan, eta gure taldea gidatzen zuen katedraduna haserretu egin zen behin, eta une horretan taldean geundenok erabaki genuen guk egin behar genuela aurrera. Nire tesi zuzendaria zen katedradun hori.
Informatikak aurpegi maskulino bat dauka. Nola bizi duzu egoera Emakumeak Zientzian egitasmoaren koordinatzaile izanda?
Esango nuke beste gauza batzuen artean Emakumeak Zientzian koordinatzen eta Gladys saria bultzatzen nabilela aurpegi maskulinizatu hori egunerokoan gure etxean ikusten dudalako. Ikasleen artean ikusten da hori batez ere. 2000. urtetik aurrerako datuak ditut gordeta, eta Informatika Ingeniaritzan emakumeak ez dira iristen %20ra. Orain adimen artifizialeko gradua eskaintzen dugu, eta hor gehiago dira.
Hala ere, irakasleen artean, kopuruan, ez dut uste desoreka horren handia denik. Lehengoan begiratu nuen oraintsu zerrendekin bidali diguten azken txostena, eta kontatzen aritu nintzen zenbat emakume eta zenbat gizon zeuden. Harritu egin nintzen gizonen kopurua handiagoa delako.
Bestalde, kopuru absolutuetan ez bada ere, artazi efektuari buruzko beste azterketa bat egin nuen: horrek adierazten du hainbat testuingurutan karrera profesionaletako hasierako urratsetan emakumeak gehiago direla gizonak baino, baina gero hori gurutzatu egiten dela, eta eskalan gero eta gorago joan, gero eta gizonezko gehiago daudela. Gure fakultatea begiratu nuen, eta katedradunak edo irakasle osoak direnak hamabost pertsona dira: ni bakarrik naiz emakumea. Hamalau gizonezko eta ni.
Proiektu asko ari gara egiten, eta alde askotatik entzuten da horrek ez duela ondoriorik, baina nik sinesten dut hazi bat ereiten ari garela. Mendeetako joerak ezin ditugu egun batetik bestera aldatu.
Ikergazte kongresuen koordinatzaile eta UEUko —Udako Euskal Unibertsitatea— Informatika sailburua ere izan zara.
Ikergazte nazioarteko ikerkuntza euskaraz egiteko kongresua da. Mundu akademikoan balioa ematen zaio ingelesez egiten denari. Bakoitza bere alorrean gaude espezializatuta, eta ez dugu beste alorretako jendearekin lanik egiten. Hortaz, kongresu honek jakintza alor guztiak hartzen ditu: ingeniaritza, arkitektura, sozio zientziak, zientzia, giza eta gizarte zientziak… Nazioarteko kongresu batean aurkez litezkeen antzeko lanak aurkezteko bidea ematen du, baina euskaraz.
Ikertzaile gazteei zuzendutako kongresua da, doktore tesia egiten ari den ikertzaile edo tesi hori defendatu berri duen pertsonei, alegia. Aurtengoa bosgarren kongresua izango da, eta esperientzia oso ona da ikertzaile gazteen komunitate bat sortzeko eta bestela ezagutuko ez liratekeen ikertzaileek elkar ezagutzeko.
Azken edizioan, gainera, diziplina arteko proiektuen deialdi bat jarri genuen martxan, askotan oso banatuta egiten baitugu lan. Elkarlana eta diziplina ezberdinen arteko lankidetza behar dugu.
Zerk bultzatu zaitu euskararen alde lan egitera?
Etxeak, giroak, identitate kulturalak… Informatika fakultatean ere mugimendu handia egon da betidanik; nire aurretik zeudenek uste dut bultzada handia eman ziotela euskarari. Nire irakasle izan zirenengatik joan nintzen UEUra. Betidanik egon da euskararekiko eta berdintasunarekiko sentimendu bat. Atxikimendu pertsonaletik dator ‘zerk motibatzen zaitu?’ hori.
Nola ikusten duzu euskararen tokia sarean?
Esango nuke Euskal Herriak duen tamainarako euskara oso ondo dagoela kokatuta mundu digitalean. Beti izan da komunitate mugitu bat. UEUko informatika saileko kide naiz, eta bi urtean behin informatikari euskaldunen bilkura antolatzen dugu. Lehena 1996an egin genuen, eta gaia Euskarazko softwarea zen; bigarreneko gaia Euskara eta Internet izan zen. Orduan, guretzat erronka bat zen euskaraz softwarea edukitzea; ez zegoen ia ezer.
Eta zein etorkizun ikusten diozu?
Zaila egiten zait esatea, ez dakidalako gazteek ba ote duten guk dugun atxikimendua. Hemengo ikaslerian ikusten dudanagatik esaten dut. Eskolak euskaraz ematen ditudanean, niri ere gaztelaniaz zuzentzen zaidan hori ez dut gero mundu digitalean oso euskaldun irudikatzen. Baliabide aldetik puntan gaudela ikusten dut, baina kezka dut erabilera aldetik nolakoa izango ote den etorkizuna.