Oiartzunen jokatuko dute Gipuzkoako Orientazio Ligako bigarrena
Gipuzkoako Orientazio Taldeak antolatutako saioa hilaren 16an izango da. Edonork har dezake parte, baina izena eman behar da aurrez.
Gipuzkoako 2025 IX. Orientazio Liga ari dira jokatzen, eta bigarren jardunaldia Oiartzungo Urkabe mendian izango da.
Hilaren 16an –igandea– izango da proba, baina hilaren 13a –osteguna– baino lehen eman behar da izena, hemen.
Egitarauari hasiera goizeko bederatzi eta erdietan emango diote Gurutzeko frontoian, hura izango baita harrera gunea, eta lehen irteerak hamarretan izango dira. Jarraian, hamar eta erdietan, orientazioko oinarrizko ikastaroa emango dute harrera gunean hasi berrientzat. Azken irteerak eguerdiko hamabietan izango dira, eta helmuga ordu bietan itxiko dute.
Xehetasunak
- Gehienezko parte hartzaile kopurua: 300 pertsona.
- Izena emateko azken eguna: hilaren 13a, 22:00.
- Inguruko baserri eta naturarekiko errespetua izatea funtsezkoa da.
- Partaide guztiek eman behar dute izena.
- Antolatzaileek ezin dute proban parte hartu.
- SPORTident pintza alokatu nahi dutenek lehiaketa eremura joan behar dira. Galtzen duenak 40 euro ordaindu behar ditu.
- Iparrorratza ez duenari bat utziko zaio. Galtzen duenak 5 euro ordaindu behar ditu.
- 16 urte edo gutxiagoko parte hartzaileek “eskolarteko” bezala eman behar dute izena.
- Parte hartzaile guztiek pasatu behar dute helmugatik ibilbide oso egin ez badute ere.
- Ibilbide horia hasiberri eta familientzat da. Laranja eta gorria, berriz, kirol hori ezagutzen dutenentzat da. Gorria korrika egiteko dago pentsatuta.
