Galtzarabordan trenbidea estaltzeko eraikuntza proiektua lizitatu dute
Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren sailak lizitatu du. Helburua, hirigintza integrazioa eta trenak eremuan duen inpaktu bisual eta akustikoa murriztea dela azaldu du.

Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren sailak lizitaziora atera du Galtzarabordan trenbideak estaltzeko eraikuntza proiektua. Euskal Trenbide Sarearen bitartez atera du lizitaziora proiektu hori. Helburua, hirigintza integrazioa eta trenak eremuan duen inpaktu bisual eta akustikoa murriztea dela azaldu dute. Idazketara, 500.000 euroko aurrekontua bideratu dute, eta hamabi hilabeteko egikaritze epea zehaztu dute.
Lizitaziora atera den proiektuak hiri integrazioari heltzeko estaldura mota zehaztu behar duela azaldu dute Mugikortasun Jasangarriaren sailetik, “bai eta obrek sortutako trenbide lubakia egokitu ere, Altza-Galtzaraborda tarteko tunelaren irteeratik auzoaren izena daraman geltokiraino”. Inpaktu bisuala zein akustikoa murrizten laguntzeaz gain, Alaberga auzoaren eta Galtzarabordaren beheko aldearen arteko iragazkortasuna erraztuko duela gaineratu dute.