Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen instituzionala
Bihar –hilak 8– Emakumearen Nazioarteko Eguna da, eta Oiartzungo Udaleko EH Bildu eta EAJko taldeek adierazpen instituzionala adostu dute.
Bihar –hilak 8– Emakumeen Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, adierazpen instituzionala onartu dute Oiartzungo Udaleko EH Bildu eta EAJ taldeek. Biharko eguneko ospakizun eta mobilizazioekin bat egiteaz gain, zenbait konpromiso hartu dituzte.
Horrela dio adierazpenak. “Martxoaren 8an, Oiartzungo Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin nahi du emakumeenganako diskriminazio mota guztiak ezabatzeko, emakumeen ahalduntzea sustatzeko eta emakumeen gizartean erabateko parte hartzea lortzeko aldarriekin bat eginez”.
Zehaztu dutenez, aurten, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurrena da. 1995ean Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide orria jarri zituzten abian.
Adierazpenean azpimarratu dutenez, azken hamarkadetan “aurrerapauso garrantzitsuak eman dira administrazioan: genero indarkeriaren aurkako lege propioak ezarri dira, berdintasun planak garatu dira administrazioetan, eta emakumeen enplegu tasa eta parte hartze politikoa nabarmen igo dira. Hala ere, munduko herrialde bakar batek ere ez du emakumeen eta gizonen arteko genero berdintasun erreala lortu”.
Gauzak horrela, Oiartzungo Udalak beharrezkotzat jo du genero berdintasunerako bidean urratsak ematen jarraitzea. Bestalde, tokiko eremutik arlo kritiko globalean aurrera egiten laguntzeko, zenbait konpromiso hartu dituzte.
Azkenik, biharko egunaren harira mugimendu feministak antolatu dituen ekimenetan parte hartzeko deia egin dute.
Oiartzungo Udalak hartu dituen konpromisoak
- Emakumeen ahalduntzea sustatzen duten sexu aholkularitza zerbitzua eta emakumeentzako aholkularitza juridiko zerbitzuak eskaintzen jarraitzea.
- Burujabetzen prozesuan, zaintza mahaiarekin aurrera egitea. Ikuspegi feministatik diagnostiko bat egingo da, bizi ziklo osoa kontuan hartuta, zaintza arloan herrian dauden ahulgune eta indarguneak identifikatzeko.
- Eskualde mailan indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko autolaguntza zerbitzua eskaintzen jarraitzea.
- Udal politikan genero zeharkakotasuna txertatzen jarraitzea.
- Tokiko arreta eta koordinazio protokoloak eguneratzeko urratsak ematea.
- Herriko elkarte feministak sustatzen jarraitzea.
- Berdinsarea udalen arteko gunean parte hartzea.
