Ibai hondakinen bilketa antolatu dute Fanderia auzoan
MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak eta LIBERA proiektuak ibai hondakinen bilketa antolatu dute Fanderia auzoan, Oiartzun ibaia garbitzeko. Herritarrei dei egin diete garbiketan parte hartzera. Hilaren 15ean izango da, 11:00etatik 13:00era.

MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa-k eta LIBERA proiektuak zabor-bilketa antolatu dute Errenteriako Fanderia auzoan, Oiartzun ibaia garbitzeko. Eremu hori aspalditik “puntu beltz” bezala identifikatua izan da. Hilaren 15ean izango da garbiketa, 11:00etatik 13:00etara. Ekimena burutzen den bosgarren aldia da hau, udaletxearen babesa dauka eta oraingo honetan Telleri-Alde Sagrado Corazón ikastetxeko DBHko 3.mailako ikasleek hartuko dute parte.
Herritar guztiak gonbidatu dituzte zabor-bilketan parte hartzera, denon inplikazioaren bitartez “gune naturalen kontserbazioa eta gizartearen sentsibilizazioa” sustatzeko.
Elkargunea bizikleten garbigunean izango da, 11:00etan. Eskularruak eta zakuak jantzita, eremu horretan ibai bazterrean pilatuta dagoen zaborra bildu eta motaren arabera sailkatuko da. Parte hartzailek arropa erosoa eta oinetako egokiak ekartzea gomendatzen da.
Parte hartzea doakoa da eta ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea: Esteka honetan edo MATEReko helbide elektronikora idatziz (info@mater.eus) zein telefonoz deituz (61981422).
Garbiketa burutu ostean hamaiketako jasangarri bat egingo da, eta hainbat sari banatuko dira, partaideen ahalegina balioan jartzeko.