Inoiz ez da berandu kirolean murgiltzeko
Trintxerpe Illunbe Arraun Elkarteak emakume arraunlari beteranoz osatutako traineru bat atera du. Egun 38 emakume ari dira arraunean Trintxerpen, astean lautan, eta onartu dute «oso pozik» daudela.

Trintxerpe Illunbe Arraun Elkarteak klubarentzat mugarri izan den proiektu berri bat abiatu du, emakume arraunlari beteranoz osatutako traineru bat atera baitu. Emakume arraunlari beteranoak iazko ekainean jarri ziren martxan, eta eskifaia hori sortzeko ideia Olatz Hermo arraunlariak proposatu zuen. Hermoren desioak arrakasta izan zuen, eta emakume mordoak plazaratu zuten arraunean aritzeko nahia. Egun 38 emakume ari dira palakadak ematen Trintxerpen, astean lautan egiten dute arraunean, eta onartu dute «oso pozik» eta «zoratuta» daudela. Hermok azaldu du proiektua egikaritzeko klubeko gizon beteranoen laguntza izan dutela. Haiek bide luzeagoa egina dute, eta aitortu du haien laguntza gabe «ezinezkoa» litzatekeela emakumeen proiektua aurrera eramatea.
Trintxerpen elkartu diren 38 emakumeek 43 eta 56 urte artean dituzte, eta Oihana Otaegi eta Olatz Etxebeste arraunlariek aldarrikatu dute emakumeek kirola egin nahi dutela, adina kontuan izan gabe. «Badirudi adin batetik aurrera ezin duzula horrelako kirolik egin, eta ez da egia», esan du Otaegik. Haren ildotik, Etxebestek adierazi du adin batetik aurrera emakumeentzat «zaila» dela kirola egitea eta horretan murgiltzeko pausoa ematea; baina Trintxerpen urrats hori egin dute, zimenduak sendoak dira, eta emakume beteranoen eskifaia errealitatea da jada. «Emakumeek kirola egin nahi dugu eta emakumeen artean elkartu nahi dugu», baietsi du Etxebestek.
Trintxerpeko emakumeek haien arteko elkargune bat sortu dute, eta onartu dute «oso giro polita» dutela taldekideen artean. Taldearen babesean aritzeko garrantziaz ere mintzatu dira, haien arteko sare bat sortu baitute. Etxebestek aitortu du «ikaragarria» izan dela horrenbeste emakume arraunerako biltzea, asko esparru ezberdinetatik etorriak, gainera: «Kirol ezberdinetatik gatoz. Batzuk kirol gutxi egin dute, beste batzuk gehiago egin dugu. Gauza ezberdinak egin ditugu denek, baina ikaragarria da nola elkarrekin egoten garen, nola laguntzen garen gure artean, eta nola elkartu garen helburu berarekin». Otaegik nabarmendu du arraunari esker jendea ezagutu duela, harremanak egin dituela eta taldean aritzeko konpromisoa hartu duela: «Zuk egun txar bat izan dezakezu, baina hemen konpromiso bat dugu taldekideekin. Talde batean baldin bazaude eta egun batean ez baduzu etorri nahi, sekulako faena da besteentzako. Uste dut talde batean oso behartuta zaudela esan duzuna betetzera. Giro ona dugu eta gure artean asko animatzen gara».
Instalazio berrien aldarrikapena
Beteranoen arraun liga apirilaren 27an hasiko da, eta Trintxerpekoek osatu dute dagoeneko lehian arituko den eskifaia. Orain denboraldi aurreko arraun jaitsierak egiten ari dira, liga hasierara ahalik eta ondoen iristeko. Momentuz, hiru estropadetan aritu dira: otsailaren 9an Sestaon, otsailaren 15ean Orion eta hilaren 2an Castron. Liga hasiera bitartean beste bi lehia izango dituzte trintxerpetarrek: hilaren 15ean Hondarribian izango dira, eta 30ean, San Pedron.
Ligarako taldea osatu dute jada, baina trintxerpetarrek adierazi dute edozein emakume gertura daitekeela klubeko instalazioetara arrauna zer den ikustera eta kirol hori probatzera. «Buruarentzat eta gorputzarentzat primerakoa da kirola egitea, eta harremanak egiten dituzu», esan du Otaegik. Hermo harago joan da, eta jakinarazi du arrauna haientzat «dena» dela. «Orain arraunerako bizi gara», esan du. «Sortu dugun talde giroa oso polita da, eta arraunak gauza asko ematen dizkigu», gehitu du Etxebestek.
Trintxerpek ehun arraunlari inguru ditu. Klubaren jarduna, baina, kolokan egon daitekeela jakinarazi du Hermok, inguru horretan egin nahi dituzten obrengatik instalazioak utzi behar dituztela esan baitiete. Arraunlariek salatu dute une honetan ez dutela aterabiderik, eta kalean geratzeko arriskua dutela. Egoera horren aurrean, «leku finko bat» aldarrikatu dute, klubeko jarduna ezerezean ez geratzeko.
Nekane Abal arraunlariak goratu du emakumeek «sekulako bultzada» eman diotela klubari, eta hori «ikusarazi» behar dela. Argi dute beren jarduna ez dela etengo, eta gelditzea ez dela aukera bat. «Honek aurrera jarraitu behar duela argi dugu», esan du Abalek. 38 emakume horiek egiten ari diren bideak, gainera, oihartzuna izan du, eta Pasaiako Kirol Galan aitortza egin nahi dietela aurreratu dute, emakumeen kirola sustatzeko egiten ari diren lanagatik. Kirol Gala apirilaren 1ean izango da, 19:00etan, Donibanen.