Sozialistek Lezo etxebizitza gune tentsionatu izendatzeko prozesua azkartzea eskatu dute
Lezoko PSE-EEk gobernu taldeari eskatu dio etxebizitza gune tentsionatu izendatu dadin prozesu administratiboa azkartzeko. 2023an aurkeztu zuten mozioa, alderdi politiko guztiek onartu zutena.

Lezoko PSE-EE-k gobernu taldeari eskatu dio etxebizitza gune tentsionatu izendatu dadin prozesu administratiboa azkartzeko. Eskaera hori 2023an egin zuen Udal Talde Sozialistak, mozio bat aurkeztu baitzuen Eusko Jaurlaritzak Lezo gune tensionatu bezala onar zezan. Mozioa alderdi politiko guztiek onartu zuten arren, bi urteren ondoren ez da aurrerapen nabarmenik izan.
Joxean Sánchez bozeramaileak adierazi duenez, “premiazkoa eta beharrezkoa da udalerriarentzat gure bizilagunek etxebizitza modu duin eta eskuragarriagoan eskuratu ahal izateko neurriak hartzea. Une honetan, erreferentziazko higiezinen web-atarian bi etxebizitza baino ez daude alokairuan, 800 euroko batez besteko prezioan. Berehala jokatu behar da”. Alokairuaren prezio altuak eta errenten eta biztanleen erosteko ahalmenaren arteko desproportzioak udalerriko bizilagunengan eragiten duten presioa azpimarratu dute.
Etxebizitza gune tentsionatuaren izendapena lortzeko, ezinbestekoa da Udalak eskaera ofizial bat bidaltzea Eusko Jaurlaritzari, eta horrek ondoren Etxebizitza Ministerioari helarazi behar dio, hark izendapena onar dezan. Udalak prozesu administratiboa hasi duen arren, sozialistek hura azkartzeko eskatu diote, egoera honi aurre egiteko aurrekontuak egin eta neurriak eztabaidatu ahal izateko. Neurri horien artean, honakoak gogorarazi dituzte, besteak beste: gazteentzako alokairurako laguntzak berreskuratzea, hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzea Bizigune programaren bidez (etxebizitza horientzat urteko kanon bat ezartzea, Etxebizitzaren Euskal Legean eta hori garatzen duen dekretuan jasotzen den bezala), babes ofizialeko etxebizitzen sustapen berriak, hala nola Olatzarreko eremukoak, alokairu-erregimenean izatea, gaur egun dagoen etxebizitza-parkea birgaitzeko apustua eginez, fatxadak birgaitzeko edo irisgarritasunerako laguntzen bidez.