Balbi Saenz, etxean
Saenz da pasa den urrian egindako 7/2014 Legearen erreformarekin aske utzi duten lehen euskal presoa. Jada ez da euskal preso pasaitarrik.
Fernandi Olarra, Balbi Saezen ama, 2021ean hil zen. Balbi Saenz Olarra euskal preso antxotarra etxean da. Atzo utzi zuten aske. Joan den urrian moldatutako 7/2014 Legea ezarrita atera da aske pasaitarra, eta horren arabera, 2022. urtearen amaieran bukatu zuen ezarritako zigorra. Espetxean zen azken pasaitarra zen Saenz.
Sare Herritarrak zigor osoa beteta izateagatik aske utzi izana “berri ona” dela esan du, baina kezka ere azaldu du, “ezin dugu ahaztu legearen moldaketa 2024an egin zutela. Ordutik 52 euskal preso daude lege hori ezarri zain”.
Espainiako Auzitegi Nazionala “nahita”ari dela lege hori ezartzea atzeratzen salatu du Sare Herritarrak, “eskubide urraketa argia da, preso askori epaitegiek ezarritako zigorra luzatzen ari delako”
Saezi bezala, Oarsoaldea eta Bidasoko beste lau euskal presori eragin die 7/2014 legearen erreformak: Oiartzungo Joanes Larretxeari, Lezoko Lorentxo Aiestarani, Errenteria-Oreretako Aitzol Gogorzari, eta Irungo Iratxe Sorzabali.
7/2014 legearen erreformarekin, euskal presoei ezartzen zitzaien salbuespen politikaren legeetako bat indargabetu zuten joan den urrian. Baikor hartu zuen orduan berria Sare Herritarrak, baina gogorarazi zuen, 7/2003 LO ere indargabetu behar duten beste lege bat dela, “besteak beste, bizitza osorako espetxe zigorra betetzera eramaten dituelako presoak, 40 urteko espetxealdia egiaztatzeko baldintza tarteko”.
2002 urtean atxilotu zuten Saenz Tarbesen eta Frantziako Estatuan hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Hamar urteko zigorra beteta, Espainiaratu. Frantzian preso emandako denbora kontuan hartu gabe bete du orain arte Espainiako Estatuan ezarritakoa. Orain legearen erreformarekin Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako zigor kitapen berriaren arabera, 2022ko abenduan bete zuen ezarritako zigorra antxotarrak, hori horrela berehala utzi dute aske, ezarri zioten piultsera telematikoa kenduta.
Oarsoaldea eta Bidasoko bost euskal presori eragiten die legearen erreformak, baina Euskal Herrian denera, 52 dira legea ezarri zain daudenak.
