"Feminismoa, oraingo honetan ere, borroka antifaxistaren aitzindaria izango da"
Ehunka eta ehunka herritarrek egin dute bat Oreretako Asanblada Feministak deitutako manifestazioarekin. Indartsu eta saretuta dagoen zalantzarik ez da, eta gaurkoa horren erakusle garbia izan da.
Ehunka herritar atera dira kalera Martxoaren 8an. Kalea bete dute. Ehunka eta ehunka herritarrek egin dute bat Oreretako Asanblada Feministak deitutako manifestazioarekin. Indartsu eta saretuta dagoen zalantzarik ez da, eta gaurkoa horren erakusle garbia izan da. 18:00etan abiatu da manifestazioa musika eta bide bazterrean manifestazioarekin bat egiteko bildutako herritarren txalo artean, eta ozen, oso ozen entzun dira gaur aldarri feministak.
Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak leloa pankartan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak baliatu duen beraren atzetik belaunaldi ezberdinetako herritarrek egin dute bat indarkeria matxistarik gabeko jendarte parekidea helburu. Zumardian bukatu dute manifestazioa. Aitortu dute, gaur ere arrazoi gehiago topatu dituztela kalera ateratzeko; baita ere, harro harro dabilela eskuin muturra sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan eta proposamen politikoetan. Horiei, mezu argia gaurko protestan: Feminismoa zutik dagoela, tinko eta bixkor. Zalantzarik ez da gaurko erakustaldiaren ondotik.
Emakumeak eta gorputz disidenteak, inoiz ez bezala jomugan direla salatu du Oreretako Mugimendu Feministak, “berekin eraman nahi gaituen olatu faxista, patriarkatua eta haren pribilegioak betikotzeko modu berriak. Erreakzio faxista patriarkala ere badelako, gizon zurien jardun eta ideologia den heinean”. Horren aurrean, “adi eta saretuta” dago mugimendu feminista eta zalantzarik ez dute beste borroka asko-askotan bezala, borroka antifaxistan ere feminismoa aitzindaria izango dela”.
Egunerokoa dute argumentu onena, hala esan dute manifestazioaren bukaeran hitza hartu duten emakumeek, “ispiluak ez du gezurrik esaten. Egunero erakusten digute usteldutako printze urdinetatik ikasteko, gerra eta migrazioetan sistematikoki bortxatzen gaituztela, gutxiago irabazten dugula lan ordu gehiago eta baldintza kaxkarragoetan lan egiteagatik, lan jarduera bikoitzak eta hirukoitzak egiten ditugula etxetik kanpo zein etxe barruan, espetxean ere ordaintzen dugula emakume izatearen bidesaria … ordaintzen dugula askatasunetik maite dugunean, eta okerrena dena, gu hiltzen segitzen dutela eta hemen ez cdela ezertxo ere gertatzen”.
Desberdinkeriak, sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial eta arrazista, eta lurren pribatizazioa eta ustiapena ere arbuiatu dituzte, “Euskal Herritik ere badugu ardura horiek saltzeko eta horrekin amaitzeko ardurak exijitzeko”.
Migrazio politikak ere hizpide izan dituzte gaurko manifestazioan, “egungo sistema arrazista eta koloniala betikotzen dute. Atzerritartasun legea ezabatu behar dugu. Ez hori bakarrik migrazioaren kontrako jarrera arrazista eta segurtasunaren izenean egindako diskurtsu eta ekintza polizialak agerian jarri behar ditugu”.
Eta Zumardiaren erdi-erdira ekarri dituzte Palestina, Sahara, Kurdistan… “ezin ditugu ahaztu munduan barrena hainbat gatazketan borrokan eta erresistentzian dabiltzan kideak. hemendik gure babes eta elkartasun osoa, besarkada bana Euskal Herritik”.
Feminismoa erdigunera
Sistemaren benetako eraldaketarako ezinbesteko jo dute feminismoa feministek, eta hori horrela, ezkerreko egungo borroka guztien erdigunera eramateko beharra jarri dute nabarmen, “Feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista nahi dugu eta hortara goaz”.
Oldarraldi garaian inoiz baino gehiago aliantzak ereiten eta josten jarraitzera deitu du mugimendu feministak, “elkartu gaitezen, herriz herri, asanbladaz asanblada. Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean”. Aspaldi hasitako bidean, ez dutela atzerapausorik egingo esan du irmo mugimenduak, “faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”.
Kantuan bukatu dute manifestazioa, “zutik emakumeak, hautsi gure kateak…” . Eta ari dira kateak zartatzen, urrats sendoz, egunero-egunero borrokatuz, lanean nekaezin.
