Zubitxo-Arretxene bidegurutzean, irisgarritasun lanak
Hiru astez luzatuko dira lanak. Mugikortasun urriko pertsonei begirako hobekuntzak egingo dituzte.
Lezoko Udalak iragarri du Zubitxo eta Arretxene kaleak batzen diren horretan, zebrabidearen inguruan, lanak egingo dituela. Izan ere, malda pikoa da bertakoa, eta irisgarritasun aldetik ez egokia batez ere mugikortasun urriko pertsonentzat, edota gurbildun aulkiarekin ibiltzen direnentzat, zebrabidea bera ez delako laua, zeharkako maldan dago. Ibilgailuen eta oinezkoen ikusgarritasuna ere ez da aproposa. Horiek konpontzeko dira lanak.
Hiru asteko iraupena izango dute. Hala, horien barruan Arretxeneko maldaren bukaera, Zubitxo kalearekin bat egiten duena, leunduko dute. Ikusgarritasuna ere hobetuko da. Hirigintza obra gehienetan gertatzen den bezala, ordea, horiek egin bitartean eragozpenak izango dira. Kasu honetan zehazki bost aparkaleku kenduko dira inguruan, langileen etxola jartzeko, edukiontziak lekualdatzeko, eta aldi berean trafikoa ez eteteko.
