Madalenetako omendua hautatzeko herritar batzordea osatzeko prozesua abiatu dute
Madalenetako omendua hautatuko duen batzordea osatzeko gonbidapenak bidali dituela jakinarazi du udalak.

Madalenetako omendua hautatuko duen batzordea osatzeko gonbidapenak bidali dituela jakinarazi du udalak. Hori horrela, herritarren batzorde hori osatzeko prozesua abiatuta du dagoeneko. Udal errolda erabilita, eta betiere adina eta generoa kontuan hartuta, zozketa eginda 16 urtetik gorako biztanle guztien artean 800 pertsona aukeratzeko; aukeratutakoek informazio gutuna jasoko dute, eta gonbidapena onartzen dutenekin taldea sortuko du udalak.
Hala ere, 16-20 pertsona artekoa izango da talde hori, ordenantzak hala zehaztuta, eta beraz, parte hartzeko gonbidapena onartu dutenen kopurua hori baino altuagoa balitz, bigarren zozketa bat egingo lukete.
Gutuna jaso dutenek baieztatu edo ezeztatu beharko dute parte hartzea hilaren 20a baino lehen online formularioa beteta (egin klik hemen), edo Zu! Zure Udala zerbitzura deituta 943 44 96 00 edota 010 telefono zenbakietara.
Herritar batzordearen zeregina, Madalenetako omendua erabakitzea izango da. Hilaren 31 arte iznago dute omenduak proposatzeko aukera herritarrek, eta zerrenda hori hiru hautagaira murriztu beharko dute udaleko alderdietako bozeramaileek. Hiru horien artetik, bat aukeratu beharko du herritar batzordeak.
Batzorde horrek bi bilera egingo ditu, lehena maiatzean.
Errenteriako udal arduradunek bereziki animatu dituzte herritarrak prozesu berrian parte hartzera, “euren proposamenak udalari helarazita edo, gonbidapena jasotzekotan, batzordean parte hartuta”.