Eraso!, Hostoak eta Biersbreaker, Niessenen
Hilaren 22rako hiru erpineko kontzertua antolatu du OarsoMusika elkarteak, 19:30ean hasita. Ondoren, Manuel tabernan, 'after party'-a.

OarsoMusika elkarteak berriz ere zentzua emango dio bere izateari: bertako taldeekin, herrian eta herritarrentzat musikaren mundura murgiltzea. Bide horretan hurrengo geltokia hilaren 22an (larunbata) izango da: 19:30ean hasita, eta Niessenen, Eraso!, Hostoak eta Biersbreaker taldeek girotuko dute ilunabarra. Ondoren, Manuel tabernan, after party-a izango da, kontzertua 00:00ak baino lehen bukatuko baita. Sarrerak 12 euroan dira salgai. Aurrez erosi nahi badira, baliatu lotura hau.
Talde mitikoa da Eraso!. Zarauztarrek jada 25 urteko bidea dute egina oholtzaz oholtza. Agurtzeko txanda iritsi zaie, eta Errenteria-Oreretako boloa agur bira horren barruko geltokietako bat izango da.
Hostoak taldeak, berriz, Ostera diskoa aurkeztuko du, Oarsoaldeko musikariekin dago taldea osatua. Biersbreaker taldeak berriz, “ikuskizuna” emango duela azaldu dute OarsoMusikako antolatzaileek, “haien folk-metal eta umore ukituarekin”.