«Istorioak berreskuratzen ez baditugu, galdu egingo dira»
Pasaitarrak 1936ko gerrako bizipenak jaso ditu 'De mar y hierro' liburuan. Bizipenak bere aiton-amonen bizitzan inspiratuta daude, eta haren helburua izan da isilpean dauden istorioak azaleratzea.

Bere aiton-amonen bizipenak abiapuntu hartuta, Pasaian 1936ko gerraren aurretik, bitartean eta ondoren gertatutakoak jaso ditu Aizpea Barros Garmendia pasaitarrak De mar y hierro liburuan. Atzo aurkeztu zuen eleberria, Donibaneko Ubera liburutegian.
Zer kontatu duzu De mar y hierro liburuan?
De mar y hierro liburua 1930eko hamarkadan dago kokatuta, 1936ko gerra hasi baino hilabete batzuk lehenago, bitartean eta ondoren. Liburuan bi istorio kontatu ditut, bi emakumerenak. Lehena 1930eko hamarkadakoa da, eta bigarrena 2000. urtekoa. Batetik, Aiako Mariaren istorioa kontatu dut. 1935ean iritsi zen Pasaiara Aiatik. Pasaian bizimodua bilatzen du, eta bere tokia aurkitzen du. Bestetik, 2000. urteko istorioan Mariaren iloba ezagutuko dugu, Ane, eta antza, bere aitonak idatzitako eskutitz batzuk aurkituko ditu, amonak ezkutatuta zituenak. Eskutitz horiek irakurri ondoren, txikitatik kontatu zioten istorioak zentzurik ez duela ikusten du. Ane oso galduta sentitzen da, galera handia sufritu baitu, eta eskutitz horiek aukera emango diote ilusio bat izateko eta bide bat egiteko. Aneren bitartez Mariaren istorioa ezagutuko dugu, eta, batez ere, Pasaiako herriak 1936ko gerran jasan zuena ikusiko dugu.
Nondik datorkizu liburua idazteko ideia?
Liburua nire familian inspiratuta dago. Liburuko fikziozko Maria, nire amona Marian oinarrituta dago. Liburuan ere ehunka istorio txiki azaltzen dira, Pasaiako herrian hainbat familiak sufritutako egoeretan inspiratuta daudenak, ezkutuan egon direnak, eta krudelki isilduak izan direnak. Pasaiako herriak gerra galdu zuen, eta inposatu zitzaien zigorra izan zen beraien istorioak ezin zituztela kontatu. Nire aitona Jose galiziarra zen, eta Pasaiara etorri zen, arrantzara. Anarkista zen, eta gerra iritsi zenean fusila hartu eta mendira joan zen. Nire aitak ez zekizkien istorio horiek guztiak, kaletik ezagutu zituen.
Nik argi nuen istorio horiek guztiak ezagutarazi behar zirela, eta batez ere une honetan, non ikusten dugun faxismoa aurrera doala eta terrenoa irabazten ari dela. Eta terrenoa irabazten ari da, ez garelako kontziente zer bizi izan zuen gure herriak, eta nola jendeak borrokatu zuen gaur egun ditugun eskubideak izateko. Garrantzitsua iruditu zitzaidan pertsona horiei historiak eman ez zien tokia ematea eta omenaldi xume bat eskaintzea.
Omenaldia aipatu duzula, zure aiton-amonei keinu egin diezu liburuan, ezta?
1936ko gerraren istorioak izen handiengandik edo alderdi politikoengandik ezagutu ditugu beti. Baina, zenbat gudari eta borrokalari izan ziren gure familietan ez ditugunak ezagutzen? Nire aiton-amonek, bakoitzak bere esparruan eta ahal izan zuen moduan, borrokatu egin zuten; nire aitona Josek mendian eta nire amona Mariak estraperloan, bere familia aurrera atera nahian. Aitonak hamar hilabete pasatzen zituen arrantzan eta amona hemen geratzen zen familia aurrera ateratzeko. Liburua nire aiton-amonen istorioan dago oinarrituta, baina Pasaiako aiton-amon guztiei omenalditxo bat egin nahi izan diet. Tamalez hiltzen ari dira, eta istorio hauek berreskuratzen ez baditugu, galdu egingo dira.
1936ko gerran girotu duzu liburua. Zergatik?
Joko handia ematen zidan garai hartan girotzea. Duela urte batzuk, Pasaiako alkate ohi Xabier Portugalek 1931-1939 zanpatuen oroimena liburua idatzi zuen. Liburu hori altxor bat da, eta uste dut Pasaiako herriak ez diola eskaini merezi duen espazioa. Liburu horretan gudan egon zen jendearen eta gerraren ondorioak pairatu zituztenen elkarrizketak jasotzen dira. Liburu hori memoriara ekarrita, eta jakinda nire amona nire lehen liburuan ere azaltzen zela, ikusi nuen gaia banuela. Ikusita gaur egun mundu mailan zer gertatzen ari den eta nola memoria galtzen ari garen historia ezagutzen ez dugulako, dena elkartu nuen De mar y hierro liburua sortzeko.
Asebeteta geratu zara emaitzarekin?
Oso pozik nago. Idatzi dudan bigarren eleberria izan da. Lehena amildegitik behera salto egitearen parekoa izan zen. Lehenean jorratu nuen gaia sentsiblea zen. Bigarren honek beste prozesu bat eskatu dit, dokumentazio lan handia du, eta horrek segurtasuna ematen dizu. Idazterakoan askeago sentitu naiz. Horrez gain, aukera eman dit nire aiton-amonei omenaldia egiteko eta beren istorioak kontatzeko. Baina inork ez dezala ahaztu kontatzen dudan istorioa fikziozkoa dela. Hori bai, aukera eta ahotsa eman diet pertsona askori bere garaian galdu zutena kontatzeko.