Kontsumitzaileei aholkuak eman dizkie kontsumo bulegoak
Bihar Kontsumitzailearen Eguna da, eta Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak jorratzen dituen lan ildoak aurkeztu eta aholkuak eman dizkie herritarrei.

Bihar Kontsumitzailearen Eguna da, eta Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak kontsumitzaileen eskubideen defentsarekin duen konpromisoa eta eskubide horiek ahalduntzeko helburua berretsi ditu, kontsumitzaileek beren eskubide eta betebeharrak ezagut ditzaten, erantzukizunez jokatzeko.
Kontsumo bulegoak adierazi du eskura dagoela ondasun bat eskuratu edo zerbitzu bat kontratatu aurretik eskubide eta betebeharren inguruko informazioa helaraztea; hala nola, telefoniaren, elektrizitatearen, gremioen edota zerbitzu teknikoen esparruetan. Horrez gain, erreklamazio bat jartzeko laguntza eskaintzen du kontsumo bulegoak, eta konponbide egokirik lortzen ez bada, arazoa konpontzen laguntzeko beharrezko kudeaketak egingo ditu.
Eguneroko jardunean, kontsumitzaileei begirako hainbat ildo ditu bulegoak:
- Kontsumitzaileak prestatzeko eta haien eskubideak ezagutzeko komunikazio ekintzak.
- Betebeharrei buruzko kontzientziazioa, jokabide arduratsua sustatuz.
- Kontsulta zehatzei erantzutea, eta eskubideak baliatzeko eta kontsumo arazoak konpontzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta baliabideak ematea.
- Herritarren zati handi bati eragin diezaioketen iruzurrezko jarduketei buruzko enpresen abisuak zabaltzea.
Azken urtean, 1.506 eskaera kudeatu ditu Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak. Orotara, 1.270 kontsultari erantzun diete, eta 236 erreklamazio jaso dituzte. Horietatik, 195 izapidetu egin ziren, eta 134 ebatzi (%68,7 arrakastatsuak).
Kontsumitzaileekin lan egiteaz gain, enpresei begirako lanketa ere badute, kontsumitzaileen eskubideak betetzen direla bermatzeko:
- Erreklamazioak izapidetzea, eskubide horiek urratu diren kasuak ebazteko.
Aholkuak
Kontsumitzailearen Egunaren harira, hainbat aholku partekatu ditu kontsumo bulegoak, kontsumo segurua eta arduratsua sustatzeko:
- Erosi aurretik, informa zaitez: Alderatu prezioak, berrikusi salmenta baldintzak eta irakurri beste kontsumitzaile batzuen iritziak.
- Eskatu beti erosketa faktura edo tiket bat: Erreklamaziorik izanez gero, zure froga nagusia da.
- Ezagutu zure eskubideak: Zenbait kasutan, produktuak bermatzeko eta itzultzeko eskubidea duzu.
- Irakurri letra txikia: Edozein kontratu sinatu aurretik, ziurtatu klausula guztiak ulertzen dituzula.
- Kontuz ibili eskaintza erakargarrienekin: Baldintza kaltegarriak edo iruzurrak ezkuta ditzakete.
- Ordainketa metodo seguruak erabili: Ez egin banku transferentziarik ezezagunei, eta eroslea babesten duten plataformak aukeratu.
- Ez eman zure datu pertsonalik enpresa egiaztatu gabe: Babestu zure informazioa eta saihestu iruzur posibleak.
- Erreklamatu, beharrezkoa bada: Zure eskubideak urratu dituztela uste baduzu, jo ezazu gure bulegora aholkularitza jasotzeko.
Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak Errenteria-Oreretako Olibet 6ko bulegoan artatzen ditu herritarrak, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara. Horrez gain, 943 51 01 11 telefono zenbakia eta helbide elektronikoa dituzte interesdunen eskura.