Urtebeteko lanketa kolektiboak eman du fruitua
Urtebete eman dute lanean eta protestak egiten Galtzarabordako bizilagunek. Eskaera, Galtzarabordako trenbidea estaltzea 2010eko proiektu originalak aurreikusi bezala. Lortu dute.

Pozik daude Galtzarabordako bizilagunak, urtebete baino gehiagoko lanketak eman du fruitua: Galtzarabordako trenbidea estaliko dute ETS Eusko Trenbide Sareak eta Eusko Jaurlaritzak. Joan den astean jakinarazi zuen Galtzarabordako trenbidea estaltzeko proiektuaren idazketa lizitaziora atera duela ETSk, eta horrek arnasa eman die trenbidea zabaltzeko lanek kaltetu dituen bizilagunei, 2023ko urritik urtebetez amesgaizto bilakatu zen auzia itxita. Galtzarabordako Gure Leku auzo elkarteko ordezkaria da Fernando Garzon Martin, eta trenbidea zabaltzeko lanek kaltetutako bizilagunetako bat.
Lehen lerroan jarri du trenbidea estaltzea bizilagunen esfortzu komunaren ondorio izan dela: «Bizilagunei esker lortu da, egoera bat eraldatzeko gai izan gara bizilagunak. Oso gauza handia da hori, balioa eman beharrekoa, eta udal ordezkariekin egindako elkarlan hori aritzeko eredu gisa hartu dugu, beste antzeko egoeretara ere eramateko».
Obrak egiten ari diren eremutik gertu egin dizkio adierazpen horiek Garzonek Hitzari, beste zenbait bizilagunek lagunduta. Oso handia da trenbidea zabaltzeko lanek Galtzarabordan eta Alaberga auzoko goiko aldearen artean zabaldu duten zuloa. Erabat desagertu da aurretik bertan zen belardi edo mendi eremua. Argi diote bizilagunek hori ezingo dutela berreskuratu, baina edonola ere espazio duina nahi dute herritarrentzat.
2010. urtetik datorren proiektua
2010. urtean egin zuten publiko trenbidea zabaltzeko proiektu hori; proiektu originalean, trenbidea estalita azaltzen zela ekarri du gogora Garzonek. «Ordutik ez zuten gaia berrartu, harik eta 2021ean Altza eta Galtzaraborda arteko trenbidearen zabaltzea berrartu zuten arte». Auzora ez zela informazio nahikorik heldu dio, kexu: «ETSrekin harremanetan jarri ginen orduan, eta hark esan zigun trenbidea zabaltzea aurreikusten zuela proiektuak, eta tuneletik irtetean, agerian zihoala topoa. 2010ean egin zuten proiektuak, beraz, ez zuen zerikusirik egungoarekin, han estalia baitzihoan».
Bizilagunei esker lortu da,
egoera bat eraldatzeko gai izan gara”
Proiektuaren gaineko datuak biltzen hasi zen auzo elkartea, baita informazioa zabaltzen ere Galtzarabordako zein Errenteria-Oreretako bizilagunen artean, «ezin genuen ulertu noiz aldatu zen proiektua eta noiz pasa zen trenbidea estalia izatetik, irekia izatera». Egonezina eta kezka sortu zien egoerak, eta jardunaldi informatiboak antolatzen hasi ziren, elkarretaratzeak egiten Galtzarabordako topoaren geltoki aurrean jai giroan, baita sinadura bilketarekin ere. Horretan aritu dira 2023ko urritik 2024ko urrira, urtebete, «eskaera nagusia, trenbidea estaltzea izan da, proiektu originalak jasoa zuen moduan». Proiektua ere ondu zuen auzo elkarteak, eta beste arlo batzuk ere txertatu zituzten lanak egiten ari direla baliatuta, auzoa hobetzeko eta herritar orori begira. Hala nola, geltokia bera goiko auzoekin lotuko duen igogailua eraikitzea, edota larrialdi zerbitzuetarako sarbidea ontzea: «Horiek aintzat hartuko ote dituzten ez dakigu, baina garrantzitsuena lortu dugu: trenbidea estaltzea. Igogailua onuragarria da topoaren erabiltzaileentzat, zein herritar ororentzat, Beraungo anbulatorioarekin lotzeko adibidez. Larrialdi zerbitzuei begirako sarbidea ere garrantzitsua da, Apeadero kaletik zailagoa dutelako suhiltzaileek iristea, adibidez».
Erabili gabe geldituko den trenbide zatiari ere eman zioten irtenbidea bizilagunek ondutako proiektuan. Bertan, bidegorria egin eta Galtzaraborda Pasaiarekin lotzea proposatu dute tunel zaharretik barrena.
Bizilagunen lorpena
Elkarretaratze, jardunaldi informatibo, eta sinadura bilketa egin artean, «elkarrizketa diskreturako» tartea ere zabaldu zuten auzo elkarteak, Errenteriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Horren gainean udalak izan duen jarrera nabarmen jarri du Garzonek, «uneoro erreferente aktiboa izan da eta batez ere, instituzio arteko zubi lana egin du harremanak erraztuz; auzo elkartea babestu du». Galtzarabordako bizilagunen protestek eta elkarrizketa diskretu horiek 2024ko urriaren 30ean eman zuten fruitua, Garzonek azaldu duenez: «Egun horretan bilera egin genuen pleno aretoan auzo elkarteko ordezkariak, udal gobernu taldeak Aizpea Otaegi alkatea buru zuela, Eusko Trenbide Sareko zuzendari eta Herrerako Euskotreneko geltokia berritu zeneko obra zuzendari izan zen Antonio Lopezek eta Eusko Jaurlaritzako zerbitzu zuzendari Paloma Osatorrek, besteak beste. Gure proposamena aurkeztu genien, eta haiek adierazi ziguten Galtzaraborda 2025ean euren lehentasuna izango zela».
Udalarekin egindako elkarlana eredu gisa hartu dugu, antzeko egoeretara eramateko“
Hortik bi astera egin zuten bilera bizilagunekin auzo elkartearen egoitzan. «Zor genien, gure ardura da auzotarrak informatzea eta hala egin genuen joan den azaroaren 14an». Bizilagunek «poz handiarekin» hartu zutela berria du gogoan Garzonek.
Galtzarabordako trenbidea estaltzeko erabakia «oso garrantzitsua» dela esan du berriro bizilagunak: «Balio ikaragarria ematen diogu bizilagunen esfortzuari esker, haien babesagatik lortu dugulako. Finean Galtzarabordako trenbideak estalia behar zuela jarri du agerian egin dugun lanak, bi auzoen, Galtzaraborda eta Alabergaren integrazioa, beharrezkoa zela». Argi du auzotarrak, «honakoa ospakizun unea da».
Berriro esker ona Garzonek bizilagunei eta herritarrei: «Haiek egin dute posible gaur-gaurkoz trenbidea estaltzeko proiektua martxan izatea, esfortzu horrek lortu du bizilagunon proposamena aintzat hartu eta gure eskaerari erantzun izana».
Galtzarabordako trenbidea zabaltzeko lanek bizilagun askorengan izan dute eragina; 4.000 inguru auzotar ditu Galtzarabordak, baina Alaberga eta Beraungo bizilagunei ere eragin diete lan horiek.
Trenbidea estaltzearen berriarekin, bertan behera utzi du Gure Leku auzo elkarteak 2023an martxan jarri zuen informazio eta protesta dinamika. Hala ere, argi esan du Garzonek, eta berekin batera ziren bizilagunek ere horrela baietsi dute, arreta handiz eta gertu-gertutik jarraituko dutela trenbidea estaltzeko proiektuaren lizitazioa, «baldintzak betetzen direla bermatzeko». 2027rako lanak amaituta izatea aurreikusi du ETSk.
Hemen klik eginda Galtzarabordako bizilagunek egindako proiektu proposamena kontsulta daiteke (gaztelaniaz dago).