Pasaia, Euskaraldirako prest
Atzo aurkeztu zen San Pedroko Proisan udalerriko Euskaraldia, eta haren enbaxadore izango diren Hamaikakoko kideak.

Atzo aurkeztu zuten Pasaiako Euskaraldia, San Pedroko Proisako aterpean. Ekitaldi soziala izan zen, udalerriko lau barrutietako biztanleen ordezkaritzarekin ikusleen artean, tartean zirela udal hautetsi dezente. Euskaraldia zertan den azaltzeaz gainera, herrian euskarari ufada emateko egitasmo handi-handia ordezkatuko dutenen Hamaikakoa ere aurkeztu zen jendaurrean. Euskararen enbaxadore izango dira hizkuntzaren erabilera aktibatzeko eta areagotzeko ariketa sozial erraldoia bitartean, baita aurretik ere. Maiatzaren 15etik 25era izango da laugarren Euskaraldia, udaberria euskarazko lorez beteko du. Gaurtik eman daiteke bertan izena.
Izaskun Salaberria, Manex Gondat, Cristina Salgueiro, Ander Makazaga, Kattalin Altuna, Diego Hipolito, Satoko Hosomi, Lorea Etxabe, Josema Elizasu, Nikol Paraschiv eta Elena Martinez. Horiek dira Pasaiako Hamaikakoa osatzen duten herritarrak. Lau barrutietakoak, jatorri ezberdinekoak, askotariko izaera eta lanbidetakoak… Pasaitarrak, eta ahobizi nahiz belarriprest izateko gertu. Euskararen erabileran eragiteko prest. Haien izenean Lorea Etxabe sanjuandarrak hizketarako tartea hartu zuen. Ondoko bideoan hark esandakoak:
Bizia izan zen atzoko aurkezpen ekitaldia. Ezagun asko San Pedron, euskalgintzarekin era batera edo bestera harremana izandako dezente, baita aurpegi berriak ere. “Aspaldiko!” batzuk ere bai. Proisan, Euskaraldia. Handik udalerri osora zabaltzeko lehen urrats kolektiboa, atzokoa. Pauso kolektibo asko behar ditu euskarak, baina horiek nornabanakoen kontzientziaren piztetik iristen dira. Gazteak, adinekoak eta haurren zalaparta atzo Proisan. Euskaraz ere zarata egin daitekeelako.
Jarrera aldaketa txikiak, betirako izango direnak. Arau sozial adostuak, euskararen erabileran era natural eta baikorrean eragin dezaketenak. Termino horien gaineko interbentzioa egin zuen Goiatz Oiartzabal Lakarra antxotarrak atzokoan. Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiko zuzendari ere bada Oiartzabal. Hiru arau sozial edo proposamen jendarteratu zituen: euskararen erabilera erosorako espazioak sortzea, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hitz egiteko bidean, aurreiritziak ere albora uzteko, “ez dakigu aurrean dugun horrek euskaraz dakien ala ez. Egin dezagun lehen hitza beti euskaraz”; elkarrizketa elebidunen kasuan, haiei bide emateko aukeran sakontzea, euskaraz ez dakienak ere elkarrizketa horiek baliatuko dituelako bere maila hobetzeko; hirugarren arau bezala, Oiartzabalek azaldu zuen euskaraz egiteko hautua orokorra izan dadila, norbanakoen burujabetzatik hasita kolektiboran eragitera, sare aktibo eta artikulatu bidez.
Ekitaldia bukatzeko 2025eko Euskaraldiaren bideoa bota zuten Proiesako pantaila handian. Bulego taldearena da abestia. Batzuk estilo handiagoarekin, besteak apalago, baina denek egin zuten dantzarako keinuren bat kantuarekin. Belarriak eta ahoak dantzan, baina, maiatzaren 15etik 25era, eta beti, Pasaian. Euskaraz.
Jarraian, atzoko ekitaldiko hainbat irudi.