Ate irekien jardunaldia Oiartzo Ikastolan

Oiartzo batxilergo ikastolak familientzako ate irekien saioa antolatu du apirilaren 1ean, 17:30ean. Ikastola ezagutzeko eta zalantzak argitzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Batxilergo ikasketak egiteko aurrematrikula zabaldu berritan egingo du ate irekien jardunaldia —hilaren 31tik apirilaren 11ra izango da zabalik matrikula epe hori—. Aurrez ez da txandarik hartu behar.
Ikastetxeko arduradunek adierazi dute Oiartzok batxilergo modalitate nagusiak eskaintzen dituela, “horren osteko edozein ikasketarako sarbidea ahalbidetuz”. Ikasleek euren interesen araberako aukerako gaiak aukera ditzakete, “modu guztiz askean”.
Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak eta Orereta Ikastolak 1990ko hamarkadaren bukaeran jarri zuten abian Oiartzo. “Bi ikastoletako ikasleei zien eskualdeko gazteei batxilergo euskalduna, hurbila, kalitatezkoa eta aukera zabalekoa eskaintzeko helburuz”, nabarmendu dutenez. Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen barruan da Oiartzo. “Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen lantalde egonkorra dugu. Besteak beste, ikasleen emaitzak dira horren guztiaren lekuko”.
Oiartzoren hezkuntza proiektuaren gaineko informazioa hemen klik eginda kontsulta daiteke.