Maris Sirmais zuzendari letoniarraren bisita jasoko du Landarbaso Abesbatzak
Maris Sirmais zuzendari letoniar ospetsuaren tailerra jasoko dute asteburuan abesbatzako kideek. Europako Sari Nagusia hiru aldiz irabazi duen munduko abesbatza bakarra den Kamer Korisen sortzailea da.

Gorenean da Landarbaso abesbatza. Eta gorenean egoteko, etengabe ari da prestatzen musika arloko handienekin. Orain ere hala egingo du, izan ere, Maris Sirmais zuzendari letoniar ospetsuaren tailerra jasoko dute asteburuan abesbatzako kideek. Bisita garrantzitsuaren gaineko xehetasun guztiak emateko agerraldia egin dute gaur Joxemi Zabala Landarbasoren presidenteak, Iñaki Tolaretxipi zuzendariak, Maddalen Dorronsoro ahots teknika arduradun eta harrobiko taldeen zuzendariak, eta Maite Gartzia Kultura zinegotziak.
Formazioak “berebiziko” garrantzia duela Landarbaso abesbatzaren ibilbidean azaldu du Zabalak, eta bide horretan, asteburuan urrats garrantzitsua egingo duela. 1991an sortutako abesbatzak, hasiera-hasieratik formakuntzarako irakasle figura oso garrantzitsuak izan dituela bidaide aipatu du, “horien artean Maris Sirmais. Ez da edonor musika koralaren munduan, oso garrantzitsua eta oso figura prestigiotsua da Sirmais, eta bihar gurera dator”.
Munduan den zuzendari onenetarikoa, hala definitu du Sirmais Tolaretxipik, “Kamer Korisen sortzailea da, Europako Sari Nagusia hiru aldiz irabazi duen munduko abesbatza bakarra da, baita historian sari gehien irabazi dituena ere. Maris munduan den zuzendaririk garrantzitsuenetako bat da niretzako”.
Eza da berekin lanean ariko diren lehen aldia, 2013an Errenteria-Oreretan izan zen Landarbasorekin eta beste hainbat proiektutan egin dute ondoren ere topo Tolaretxipik azaldu duenez. Abesbatzaren 34 urteko bidean, berriz, beste hainbat zuzendari eta irakasle handiengandik ikasteko aukera izan du Landarbasok. Hala, 2006tik 2020era Dina Grosberger kantu irakasle Austriarrarekin egin zituzten saioak, eta 2011n Helen Larsson suediarrak ahots teknikari lanak egin zituen Landarbasoren egoitzan. 2014. urtean Janis Liepinsekin lan egin zuen Landarbasok Rigan, eta 2018an Errenteria-Oreretan Alexander Vatsek ukrainiarrarekin.
Gertuko handiekin ere aritu da Landarbaso musika eta ahots prestaketan sakontzen. Horren adibide Jasone Alba eta Jorge Pacheco euskal irakasleekin egindako formakuntzak, ” gorputzaren entsegu eta adierazpen estetika lantzeko”. 2022an Janis Liepinsekin aritu ziren tailerrean eta 2023an, Jolanta Strikaiterekin. Azken horrekin, ahots teknika landu zuten, “asko lagundu zigun Asiako Grand Prixa irabazteko”. Formazio horien atzean, “hobetzen jarraitzeko ilusioa” jarri du Tolaretxipik.
Bihartik astelehenera arte izango da Sirmais Errenteria-Oreretan Landarbaso formatzen, “lanean dena emanda ariko gara, oso programa gogorra izango da, Landarbaso mugara eramateko modukoa”. Ez dute emanaldirik egingo formazioan zentratzeko.
Nabarmen jarri du Dorronsorok, Sirmain egun State Choir Latvija Letoniako estatuko abesbatzakoz zuzendaria dela egun, “herrialde baltikoetako abesbatza zuzendari profesional onenetakoa da eta guregana etortzea, oso handia da. Xehetasun bezala, datu bat, 2023an Asiako sari nagusia irabazi ondoren batek baino gehiagok galdetu zian digu, ‘eta orain zer?’ Bada orain lanean jarraitzea eta hobetzen jarraitzea; hori da gure helburua eta horregatik halako figura handia ekartzea gure artera”.
“Ilusio handiz” bizitzen ari direla Sirmaisekin tailerra egiteko izango duten aukera gaineratu du Tolaretxipik, “Landarbaso inoizko garirik politenean dago une honetan, eta Sirmaisek hori ere badaki, perspektiba oso altuekin datorrelako. Horrek apur bat urduri jartzen gaitu baina oso gogotsu gaude. Harreman estua dugu harekin”.
Eskerrak eman dizkio Gartziak Landarbasori, “Sirmais bezalako figura bat Errenterian izatea oso garrantzitsua da, indartzen duelako kultur ekosistema eta emango duen ikastaroa oso garrantzitsua izango delako Landarbasoko abeslarientzat, baita herrian egotea halako pertsona erreferentea”.
Landarbaso abesbatzak Musikart, Kontari, Dizdizka eta Landarbaso Abesbatza barnebiltzen ditu; azken hori da maila altuena duena eta horrekin egingo du lan zuzendari entzutetsuak. Hartzaileak, berriz, 43 abeslari izango dira.
Ez du haririk gabeko puntadarik ematen Landarbaso abesbatzak eta zehaztapen gehiagorik eman ez badute ere momentuz udarara begira jarri da Tolaretxipi; misterioa aurrerago argituko duela hitz eman du Landarbasoren zuzendariak, baina hura lantzen asteburu honetan hasiko direla jakinarazi du, “programaren zati bat asteburu honetan landuko dugu”.