Bide guztien helmuga izan dadin euskara
Euskarara gerturatzeko eta gaitasuna eskuratzeko metodologia berria probatzen ari da Badalab. Errenteria-Oreretak hartu du esperientzia pilotua, euskaratik urrunago direnak erakartzeko.

Metodologia berritzaile baten esperientzia pilotua egin dute Errenteria-Oreretan, euskarari hegoak zabaltzeko, eta berez, hizkuntza arrotz edo urrutiko zuten espazio eta pertsonengana heltzeko. Horren atzean da Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Laborategia, eta bere egitekoa euskaraz bizitzeko hautua egingo duen hiztun komunitate anitza elikatzea dela azaldu du Badalabeko kide eta esperientzia pilotuaren lehen promozioan trebatzaile izan den Izaro Arrutik: «Horretarako askotariko ekintzak sustatzen ditu, eta horietako bat da euskarara gerturatzeko eta gaitasuna eskuratzeko estrategia eta metodologia berriak probatzea». Hor kokatu du Arrutik esperientzia pilotua: Ulersaioak.
Aldahitz metodologiaren barruko lehen tresna da Ulersaioena, «ahozko ulermena lantzen da teknika ezberdinen bidez». Horretarako mintzatzaile edo trebatzaileek asko hitz egin behar dutela azaldu du, eta landuko diren gaiak ulertzaileen interes eta beharretara egokitzea dela gakoa, «motibazioa mantentzeko». Esperimentua abiatzeko Errenteria-Orereta aukeratu izanak badu bere arrazoia: «Koldokide guraso elkartearen kezka bat dago oinarrian. Gurasoen arteko harremanak eta komunitatearen garapena nola eman daitekeen euskara ardatz hartuta jakin nahi zuten. Hor zegoen, beraz, probaleku aproposa». Azpimarra jarri dio Arrutik Koldokidek 2023ko irailetik egin duen esfortzuari, «boluntarioak dira, gurasoak».
Proiektu pilotuaren bidez ulertzeko eta hitz egiteko gaitasun gramatikalez haragoko lanketa eta konpetentziak bilatzen direla ere azaldu du. «Komunikazioa azkenean elkar ulertzeko ariketa edo negoziazio bat da, eta garrantzitsuak dira, besteak beste, kode sozialak, ez berbalak, erreferentzia kulturalak, edota ulertu ez duguna galdetzeko zilegitasuna».
Lehenengo promozioak Badalab izan du haztegia, eta hortik Errenteriako Udal Euskaltegira egin du jauzi esperimentuak. Aldi berean, Gipuzkoako Arigune proiektura ere eraman dute, «Gipuzkoan euskararen ulermena orokortzea eta hiztunak euskaraz aritzearen aldeko kultura eta adostasun soziala ditu helburu». Gipuzkoako Foru Aldundiak, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak, Soziolinguistika Klusterrak eta Badalabek sustatutako egitasmoa da.
Erronkak ere aipatu ditu Arrutik, eta zehaztu du esperimentua baldintza oso optimoetan egin dutela, malgutasun osoz, parte hartzea errazteko, «orain horiek sistematizatzeko aukerak aztertu eta mintzatzaileak formatu behar dira, kontzientzia sortu». Gaitasunak ebaluatzeko eta aurrerapenak neurtzeko tresnak ere beharko dituzte.
Lehen promozioan aritu direnek ez dute bidea bukatu. Joan den asteko ostegunean jaso zuten Ulersaioen diploma, eta Ulerrizketekin hasiko dira orain: «Konfiantzazko pertsona bat edo bi aukeratu behar dituzte elebiko elkarrizketak praktikan jartzeko. Horretarako, lehenik Soziolinguistika Klusterrak gidatuko duen formazioa egin behar dute Ulertzaileek beraiek aukeratutako mintzatzaileekin». Aste honetan bertan halako bi saio egin dituzte.
Bigarren labekada lanean
Otsailaren 11n hasi ziren Ulersaioetan Rosa Cantero errenteriarra, Camila Do Santos brasildarra, Natalia Paredes argentinarra, Lenin Rosales nikaraguarra eta Zorelis Jimenez venezuelarra. Betidanik nahi izan duela euskara ikasi, baina ez duela orain arte ezer egin dio Canterok, «ikastea oso zaila da, baina behintzat ulertu egin nahi dut». Duela 17 urte heldu zen udalerrira Do Santos: «17 urteko semeak txikitan askotan esaten zidan euskara ikasteko. Orduan ez nuen esfortzua egin, eta penatu egin zait ezin izan niolako etxeko lanekin lagundu. Alaba txikia ere hasi zait esaten ikasteko, eta pausua eman dut». Lana ere izan du akuilu euskara ulertzeko proiektu pilotu honekin bat egiteko. Paredes, berriz, duela urtebete heldu zen, eta zortzi urteko alaba dauka: «Esfortzu handia egiten ari da integratzeko, eta uste dut nik ere erakutsi behar diodala ari naizela. Gauden lekuan integratzeko bertakoa ikastea ezinbestekoa dela uste dut».
Bide beretik egin du Rosalesek. Bi urte dira heldu zela, eta hark ere ulertu nahi du seme-alabek eskolan ikasten dutena, lagundu ahal izateko. Euskararen berri Nikaraguan bertan izan zuen; «Hango bizilagun bat euskalduna genuen, eta harengandik izan nuen euskararen berri. Ez nuen pentsatu ere egin orduan hemen izango nintzela orain euskara ulertzeko saioak egiten». Zortzi urteko alaba du Jimenezek, eta besteek bezala ere alabari eskolako lanekin laguntzeko ezinbesteko duela euskara ulertzea sinistuta dago, «lan mundurako ere beharrezkoa dela uste dut. Duela bi hilabete heldu ginen, eta alabak jada hitz mordoa ikasi ditu».
Ulersaioetan hasi zirela hilabete baino ez da, baina aldea sumatu dutela diote denek, «hitzak ulertzen ditugu, baita esaldiak ere». Paredesek aitortu du euskara irakurtzen saiatu eta entzun zuen lehen aldian, pentsatu zuela ez zuela inoiz ulertuko. Gaur egun beste modu batera ikusten du hori, «posible dela ohartu naiz, hitzak eta esaldiak ulertzen hasi naizelako». Do Santos hitz egitera ere ausartzen da, «nahiz eta zuzen ez egin». Rosalesek eta Do Santosek argi dute; euskara ikasten jarraitu nahi dute, ulertzeko, baina baita hitz egiteko ere. «Ez nuen pentsatzen hain garrantzitsua zenik iritsi nintzenean. Orain bai, euskara oso garrantzitsua dela ohartu naiz», gaineratu du brasildarrak.
Euskara ikasteko «mila aukera» eskura izatearen garrantziari erreparatu dio, bere aldetik, Paredesek, «horiek baliatu behar ditugu».
Ulersaioen bigarren promozioa izango denaren bideratzailea da Marian Alberdi Mendizabal. Saioetako trebatzailea da Errenteriako Udal Euskaltegiko irakaslea, eta azaldu du metodologiak bere tresnak dituela jada aplikatzeko. Berarekin ari diren Ulertzaileentzat bezalaxe, berria da esperientzia harentzat ere, «formazioa egin nuen esperientzian hasteko». Saioetan ideiak askotan errepikatzen dituela azaldu du, «beraiek ohitzeko, belarria ohitzeko. Belarriek zabal-zabalik ibili behar dute guztia xurgatzeko». Alberdik 30 urte daramatza euskara eskolak ematen, «modu tradizionalean ematen ditut, ikasleei euskaraz egiteko esanez uneoro, eta orain, berriz, Ulertzaileei gaztelaniaz lasai egin dezaten esan behar diet; kosta egiten zait».
Emaitzarekin ase
Idoia Mayoral Cuevasek Ulersaioen lehenengo promozioan eskuratu zuen diploma. Esperientzia pilotuan parte hartu izanarekin oso pozik azaldu da, baita emaitzarekin ere. Koldokide Koldo Mitxelena ikastetxeko guraso elkartearen bidez izan zuen Ulersaioen gaineko berri Mayoralek, «seme-alabei etxeko lanekin laguntzea izan zen motibazioa. Lagundu ahal izateko ezinbestekoa baita hizkuntza ulertzea». 120 orduek espero zuena eman dutela dio: «Gai naiz poliki hitz egiten badidate eta hitz errazak erabilita ulertzeko; hasieran ez nuen ezertxo ere ulertzen, eta orain ulermenean nabarmen egin dut aurrera». Ulerrizketan hasiko da orain. Euskararen gainean zuen iritzia aldatu da: «Euskara ikastea ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Metodologia ez da tradizionala izan, eta ez dakit horregatik izan den edo, baina denbora gehiago dudanean euskara ikasten jarraitzea planteatzen hasi naiz, ulertzeaz gain, hitz egiteko. Oso malgua izan da, gure beharretara moldatu dute. Jende guztia animatu nahi dut saiatzera».