Oinezko eta bizikletena izango da Iztieta eta Altzate lotzen dituen zubi berria
Hilaren 31n zabalduko dute zubia erabat eta debekatua izango dute ibilgailu motordunek zirkulazioa, zerbitzuetarako eta larrialdietarako izan ezik.

Martxa hartzen ari da pixkanaka Altzate auzo berria. Duela hilabete batzuk sartu izren Lezoko zatiko etxe berrietara lehenengo pertsonak, eta datozen asteetan Errenteria-Oreretako etxebizitza berrietan sartzen hasiko dira. Hori horrela, hainbat neurri hartuko dituela jakinarazi du udalak auzo berriaren mugikortasuna eta Itzieta-Ondartxorekin duen harremana antolatzeko.
Neurri horien artetik lehena, Altzate Iztietarekin lotzen dituen zubi berriaren gainekoa da. Hilaren 31n zabalduko dute erabat. Oinezkoentzat eta bizikletentzat izango da, baina zerbitzuetarako eta larrialdietarako erabili ahalko da. Urte hasieratik zabalik dira alboetako oinezkoen pasabideak pertsonen joan etorria ahalbidetzeko. Zubian eserlekuak jarri dituzte, eta erdialdean, berriz, loreontziak eta landareria jarri dira.
Baimendu gabeko bilgailu motordunek debekatua dute zubi berritik joan etorria, eta beste leku batzuetan bezala, matrikulen irakurle bidezko zaintza jarri dute. Erabakiaren helburua Iztieta auzoan ibilgailuen trafikoa ez areagotzea da, eta aldi berean, Oiartzun ibaiaren bi aldeak lotzen dituen oinezkoentzako ardatza sortzea udalak jakinarazi duenez, “mugikortasun jasangarria errazteko”.
Bestalde, aparkalekuaren kudeaketaren berri ere eman du udalak eremu horretarako. Sortutako plaza berriak TAOren bigarren eremuan sartuko dira. Horrela, Altzate, Iztieta-Ondartxorekin integratuko da unitate bakarra sortuz, eta Iztieta Ondartxoko bizilagunek Altzaten aparkatu ahal izango dute. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean aktibatuko dute TAO zerbitzua Altzaten.