Talde jokoan, euskarari bultzada emateko prest
Oarsoaldeko zortzi kirol elkartek euskara euren klubetan indartzeko plana abian jarri dute.

Oarsoaldeko zortzi kirol elkarte, lau herrietako bina, euskara euren klubetan sustatzeko ahaleginean murgildu dira. Eremu federatukoak dira zortzi talde horiek, eta haien jardueretan euskararen normalizazioaren aldeko urratsak egin nahi dituzte. Honakoak dira kirol elkarteak: Errenteria-Oreretakoak, Touring Kirol Elkartea eta Ereintza Eskubaloia; Lezokoak, Allerru Kirol Elkartea eta Munttarpe Eskubaloi Kluba; Oiartzungoak, Oiartzun Kirol Elkartea eta Oarsoaldeko Txirrindularitza Elkartea (OTXE); eta Pasaiakoak Trintxerpe Kirol Elkartea eta Pasaia Kirol Elkartea. Denen artean ehunka haur eta gazte mugitzen dituzte, beraz, talde jokoan mamituta eman nahi diote bultzada euskarari.
Egitasmoaren aurkezpenean, Oiartzungo alkate Joana Mendibururekin batera, lau herrietako Euskara eta Kirol zinegotziak nahiz teknikariak izan ziren. Gainera, Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakari Manu Diaz, herrialdeko eskubaloi federazioko Nagore Tolosa, eta txirrindularitza federazioko Iñaki Iturrioz ere bertan izan ziren. Proiektuaren helburua izango da kirol klub bakoitzak bere errealitatetik abiatuta eta aldi berean besteen ibilbideetatik elkar ikasiz, hizkuntza kudeaketa egokirako urratsak zehazten jarraitzea eta urrats horiek martxan jartzea.
Horretarako, eskualdeko lau udalek zehaztu dutenez, apiriletik hasita Kirol Mahaia izeneko egitura sortuko dute zortzi klub horiek. “Iraila bitartean, egoera orokorraren eta klub bakoitzaren diagnostikoa egiteko ekintzak gauzatuko dituzte elkarteek, eta irailetik aurrera klub bakoitzaren plana landuko dute Emunen aholkularitza teknikoarekin. Prozesuan, udaletako Kirol eta Euskara sailek eta aipatu kiroletako Gipuzkoako federazioek hartuko dute parte”.
Hilaren 13an egin zuten egitasmoa aurkezteko ekitaldia Oiartzungo Elorsoro kiroldegian (bertakoa da albiste honi lotuta doan argazkia). Oarsoaldeko lau udalen babespean, Soziolinguistika Klusterra eta Emun izango dituzte klubek bidelagun. Izaera jostagarri edo ludikoak euskaraz aritzeko ohiturak errotzen lagunduko duela sinetsita daudela azaldu zuten aurkezpenean. “Gauza jakina da kirol jarduerak onura ugari dakarzkiola gizakiari; izan soin nahiz buru osasunari lotutakoak, izan harreman sozialei eta baloreei lotutakoak. Horrez gain, egungo jendartean kirol jardueraren bat praktikatzeko joera nabarmen hazten ari dela diote adierazle gehienek. Horiek horrela, bistakoa da kirol jarduera jendearen aisialdia betetzen duen aukera nagusietako bat dela. Horri, praktikatu ez, baina ikusle gisa kirol jarduerak gustuko dituztenak batuz gero, jendartearen zati handi batengan duen eraginaren neurria antzeman daiteke”, azaldu dute eskualdeko udalek.
Eskolako adinean diren eskualdeko haur eta gazte gehien-gehienak euskaraz ari dira egiten euren ikasketa prozesua. Eskola Kirola ere euskaraz gauzatzen da, eta udalek eskaintzen dituzten kirol jarduerak ere, nagusiki, euskaraz egiten dira, salbuespenak salbuespen.