Pasaiako etxez etxeko langileak: "Udalak prekarietatean jarraitzera eta diskriminazio egoeran mantentzera kondenatu gaitu"
Pasaiako Udalak etxez etxeko zerbitzurako lehiaketaren plegua argitaratuko duelako, haserre dira langileak. Mobilizazioekin jarraituko dute.

Iruzur egin dietela sentitzen dute Pasaiako etxez etxeko langileek. Pasaiako Udalean jarri dute fokua: “Dena kea dela egiaztatu ahal izan dugu”. Langileen arabera, hilabeteetako negoziazioek ez dute deuserako balio izan. “Pasaiako etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duten langileak parekatzeko promesaren ondoren, atzo [astelehenaz ari dira] jakin genuen Pasaiako Udalak datorren lehiaketaren plegua argitaratuko duela, inolako hobekuntzarik gabe langileentzat”, esan dute. Atzo (hilak 26, asteazkena) bildu ziren LAB eta ELA sindikatuetako langileak udalaren erabakia aztertzeko, eta hautu horrek suminduta, elkarretaratzea egin zuten: “Udalak prekarietatean jarraitzera eta diskriminazio egoeran mantentzera kondenatu gaitu”.
ELA eta LAB sindikatuek bidali duten agiri bateratuan azaldu dute etxez etxeko zerbitzua publifikatzea dela bertako langileek lan baldintza egokiak izan ditzaten irtenbidea. “Baina gaur egun funtsezko zerbitzu hori enpresa pribatu bati azpikontratatzen dio udalak. Horren ondorioz, emakume langileok oso lan baldintza eskasak ditugu eta diskriminatuta gaude antzeko zereginak egiten dituzten gainerako langileekin alderatuta”. Udalarekin bilerak egin dituzte, negoziatzen izan dira langileen ordezkariak, “udalak lan baldintzak parekatzeko borondatea duela agindu zigun, eta bide horretan, gure hitzarmena hobetzeko baliabide ekonomikoak agindu zizkigun”. Hitz egindakoak, ordea, ez dira egikaritu langileen arabera.
Etxez etxe herritarrak artatzen dabiltzanek uste dute pleguaren argitalpenarekin udalak “bahitu” egin duela euren lan baldintzak hobetuko lituzkeen hitzarmen kolektibo bat negoziatzeko duten gaitasuna. “Horrela, soldata prekarioa kobratzen jarraituko dugu, 2025ean ez dugu ordainsari igoerarik izango, eta ez dira gure lan baldintzak hobetuko. Hori da errealitatea, udalak hartutako erabakiaren ondorio zuzena”. Langileek ez dute etsi, ordea. Udal erakundea interpelatu dute beste behin, hartutako erabakia berrazter dezan, “jar ditzala gure lan baldintzak duintzeko behar diren bitartekoak. Ez digute balio zainketen sektore feminizatuko langileok pairatzen dugun prekarietate egoera iragartzeko esloganek. Erabaki politikoak eskatzen ditugu”.
Indar egiten jarraituko dute langileek, borrokaldi aroa iragarri dute ELAk eta LABek. “Mobilizatzen jarraituko dugu gure aldarrikapenak lortu eta gure lan eta bizi baldintzak prekarietatetik ateratzea lortu arte. Zaintza esparrua ezinbestekoa delako. Ez dezatela zainketarekin negoziorik egin”.