'Zaldi berdea' liburua aurkeztuko du Jose Mari Sagarduik Gaztañon
Liburu aurkezpena Gaztañoko auzo elkarteak antolatutako hitzaldi zikloaren barruan kokatuta dago.

Jose Mari Sagardui Moja Gatzak, Zaldi berdea liburua aurkeztuko du apirilaren 4an Gaztañoko auzo lokalean. Liburu aurkezpena Gaztañoko auzo elkarteak antolatutako hitzaldi zikloaren barruan kokatuta dago.
Preso urte gehien eman dituen euskal preso politikoa da Sagardui; denera 31 urte egin zituen Espainiako 34 kartzelatan. 1980. urtean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta 2011ko apirilaren 13an irten zen aske Jaengo (Andaluzia, Espainia) kartzelatik.
2022an argitaratu zuen Ataramiñerekin Zaldi berdea liburua Sagarduik. Hiru hamarkadetan hainbat aldiz saiatu zen euskal preso ohia ihes egiten, eta 1996an egindako saiakeran, espetxeko murrua igotzen ari zela soka puskatu, erori eta bi hankak apurtu zituen zornotzarrak. Ihesaldi saiakera hartatik abiatuta josi zuen memoria liburua. Hiru hamarkada luze horietan espetxean bizitutakoak, liburura jasotakoak entzun eta lehen eskutik ezagutzeko aukera izango da, horrtaz, Gaztañoko auzo lokalak antolatu duen apirileko hitzaldiaren bidez.
Hitzordua, Gaztañoko auzo lokalean, 19:00etan hasita.