Atlantikaldiaren soina neurrira egingo dute
Atlantikaldiaren egitaraua osatzeko proposamenak jasotzen hasi dira. Irailaren 18tik 21era izango da, eta 12 ekitaldia du aurtengoa.

Atlantikaldia Kultur topagune eta musika jaialdiaren hamabigarren ekitaldia egingo dute aurten. Irailaren 18tik 21era izango da hori Zeharkaldiak lelopean, eta egitaraua osatzeko proposamenak jasotzen hasi dira dagoeneko. Proposamen horiek web orrian zabalik den galdetegiaren bidez egin behar dituzte interesdunek, eta apirilaren 30era arte izango dute egitaraua aberasteko aukera.
Errenteriako Udalak antolatzen du jaialdia, eta aurtengo ekitaldiak, muga geografiko, linguistiko eta sinbolikoak zeharkatuko dituen ibilbide kultural, sentsorial eta artistikoa izango dela jakinarazi du. Leloa migrazio historikoei zein gaur egungoei keinua dela azaldu du udalak, “artearen eta musikaren bidez omenaldia egin nahi diegu beren hizkuntzarekin, kontakizunekin, edota tradizioekin gure komunitatea aberastu duten guztiei”.
Antolatzaileak jaialdiaren programazio artistikoa ontzen ari dira, eta ildo horretan, herritarren proposamenak jaso nahi dituzte, “proposamen horiek eurek gauzatzeko, edo jaialdian ikusi nahi dituztenak izan daitezke”.
Jasotako proposamenak aztertuko dituzte antolatzaileek hainbat irizpideren arabera. Hala, kontuan izango dute urtean zehar egin ohi diren ohiko jardueren errepikapena ez izatea; elementu berriztaileren bat txertatzea; herritarren parte hartzea sustatzea; eragileen arteko lankidetzaren emaitza izatea; eta kultura aniztasuna sustatzea. Balorazioa eginda, antolakuntza proposamena egin duten eragileekin harremanetan jarriko da.