Hitzarmenaren negoziazioan eragiteko mobilizazioak hasi dituzte Interal enpresan
ELA sindikatuaren arabera, enpresak urtarrilean hitz egindakoak "ez ditu errespetatu". Gaur egin dute lehen elkarretaratzea.

2024tik ari dira negoziatzen Interal enpresan langileak eta zuzendaritza hitzarmen berria. Urtarrilean aurrera urrats baikorrak eman zituztela adierazi du ELA sindikatuak. “Enpresa, ordea, ez da errespetatzen ari urtarrilean hitz egindakoa”, zehaztu du langileen bilguneak. Horregatik negoziazio horietan aurrera urratsak egin daitezen eskatzeko mobilizazio aroarekin hasi dira langileak. Gaur eguerdian egin dute lehen elkarretaratzea enpresaren atarian enpresa batzordeak (ELAk, UGTk eta CCOOk osatzen dute) deituta.
“Enpresak ez du zintz jokatu” berretsi du ELAk HITZAra bidalitako oharrean. Urtarrileko bilkuretan mahairen gainean jarritako hobekuntzak eta edukiak zuzendaritzak ez dituela errespetatu nahi izan deitoratu du. Hala, honakoak langileen eskaerak: soldata igoerak urtarrileko atzerako eraginarekin aplikatzea, eta bi urteetako KPIaren berrikuspen artikulua manten dadila.
Gaur bezala, langileek apirilaren 4rako ere iragarri dute elkarretaratzea. Egoerak hobera egiten ez badu apirilaren 8 eta 10erako lau orduko lanuzteak deitu dituzte.
Lezoko industrialdean dago Interal enpresa. Elikagaien industriako sektorekoa da. 180 langile dira bertan lanean, horietatik 70 emakumeak.