Migrazioa desmitifikatzeko lau begirada
Giza Liburutegiak lau pertsona migraturen bizi ibilbidea kontatu du haien ahots eta begiradatik, migrazioarekiko gizarte laguntzen eta delinkuentziaren desmitifikazioa sustatzeko.

Lau bizi ibilbide irakurtzeko aukera eskaini zuen Lekuona Fabrikaren bibliotekak astelehenean. Lau izenburu, lau ahots, lau begirada, ertzeratu ohi dituzten pertsonen bizi esperientziak erdi-erdian jarri zituen Giza Liburutegia iniziatibak. Migratutako pertsonak dira guztiak, eta Euskal Herrirako bidean gainditu behar izan dituzten erronkak kontatu zizkieten entzun nahi izan zituzten guztiei, begietara begira. Giza Liburutegiaren atzean, Emigrad@s Sin Fronteras elkartea; iniziatiba Gipuzkoako Kultura, Aniztasun, eta Bizikidetzaren Aldeko Karabanaren barruan dago. Elkarte antolatzaileko proiektu teknikaria eta ikerketa eta heziketa arloaren zuzendaria da Alina Blanco. Azaldu du sorleku eta jatorri ezberdinetako pertsonez osatutako gizartea eraikitzea dutela helburu, «eskubideetan eta feminismoan oinarritutako eta mugez ulertzen ez duen jendartea, eraldaketa sozialarekin konprometitua, ez patriarkala, inklusiboa, berdinzalea, ekitatiboa eta Ama Lurra errespetatzen duena».
Asteleheneko saioan, beraz, lau giza liburu, bakoitza bere izenburuarekin eta bere historia soinean, migrazioarekiko gizarte laguntzen eta delinkuentziaren desmitifikazioa sustatzeko.
Ertzaren ertzetik mintzatu zen Nadia Dominguez Pascuales. Barranquillakoa da (Kolonbia), emakumea, migrantea eta AAF Ageriko Aniztasun Funtzionala du. Ertza erdigunean jartzeko borrokatzen ari da bera, eta kontaketa hori eraman zuen Giza Liburutegira Ageriko aniztasun funtzionala ez da migratzeko oztopo izenburupean: «Ageriko aniztasun funtzionalaren gainean dauden estereotipoak apurtzea dut helburu. Normatibotasun kontzeptua desmitifikatzeko ari naiz lanean, baita gorputzaren ahultasuna eta kapazitismoa ezabatzeko ere». Sorbalda gainean «kristautasun» ibilbide luzearen zama duela jendarteak sinistuta azaldu zen: «AFF dugunok gizartearen ertz-ertzean egon gaitezen pisu itzela izan du erlijioak, gurekiko karitatea sustatu dutelako historikoki». Emakume migratua eta AAF izateak oztopo arkitektoniko eta mental ugari ezarri dizkiola salatu zuen kolonbiarrak: «Sistema kapitalista, patriarkal eta kapazitista baten barruan kokatuta, euskal gizarteak produktiboa ez den eta genero zein edertasun estandarrak betetzen ez dituen gorputz batean kokatu nau; emakume kaltebera eta kaltetu gisa hautematen zait. Beraz, baztertuta, diskriminatua eta segregatua sentitzen naiz». Horren aurrean kontzientzia politiko eta feminista «arma gisa» hartuta borrokatzen ari dela aitortu zuen, «ikusezin eta baztertuak diren emakumeen ahotsak entzun daitezen, hala nola, AAF duten emakume migratuenak».
Gordintasunetik, itxaropenera
Berriro bizi izenburuko testigantzaren atzean dagoen emakumeak isilean mantendu nahi izan zuen bere izena eta irudia, hura eta familia ere mehatxupean dituztelako. Afganistandik heldu zen Madrilera (Espainia) senarrarekin familia akordio baten ondorioz, 18 urterekin ezkonarazita. «Irainak, kalera irteteko debekua, jipoiak eta sexu abusuetatik ihes egitea lortu nuen CEAReko langileen laguntzari esker». Euskal Herrian bizi da egun; ikasten ari da. Bere egitekoa argi azaldu zuen: «Ahotsa ez duten emakumeei ahotsa eman nahi diet, niri egokitutako egoera bera bizi duten emakumeei hortik ateratzea dutela esan. Jaikitzen naizenean inori azalpenik eman behar ez izatea, askatasun hau sentitzea ikaragarria da». Afganistandik atera zenean amets bat zuela esan zuen egun 29 urte dituen emakumeak: «Ikasi eta lan egitea. Heldu nintzenean oso bestelakoa izan zen errealitatea. Ez dakit nola atera naizen bizirik, baina hemen nago. Lortu dut, eta nire historia lagungarria izatea nahi dut».
Gaixotasunari aurre egiteko utzi zuen Tanger (Maroko) Said Aboulaichek. Oinazea zeharkatzen, muga zeharkatzen izenburuaren atzean da bera. Hemofiliarekin jaio zen, eta tratamendu bila irten zen sorlekutik, «bertan ez nuen tratamendu egokirik». 2015ean saiatu zen lehen aldiz irteten kayak batean, eta helmuga Espainia jarri zuen; Marokoko poliziak bidean harrapatu, jipoitu eta Marokora itzuli zuen. Beste bitan saiatu zen: igerian, lehenik, Ceutaraino heldu, eta Guardia Zibilak atzera itzularazi zuen Marokora; uretako moto batean, bigarrenik, horretan ere harrapatu zuten. «Turkiarako hegazkin txartela erosi, aireratzean min handiekin hasi eta lurra hartzean Valentzian ospitalera eraman ninduten». Ospitaletik aterata, Euskal Herrira, Donostiara zetorren autobusa hartu zuen Aboulaichek. «Tratamendu egokia hartzen ari naiz bertan, euskara eta gaztelania ikasten hasi naiz, baita bestelako ikasketak egiten ere, laneratzeko. Askotan pentsatu nuen azkenera heldu nintzela, baina hemen naiz».
Kubatik Alemaniara migratu zuen Ronier Sanchez Ramosek 2022an, lan kontratu batekin, «aitortutako profesionala izateko nire ametsa betetzeko, eta nire herrialdetik irteteko egin nuen». Ingeniari mekanikoa eta software garatzailea da gaztea. Programatzaile lana galduta eta Alemanian estatus legalari eusteko modurik gabe gelditu zenean erabaki zuela Euskal Herrira etortzea azaldu zuen: «Hasiera ez zen gogorra izan, baina gerora okertu egin zen egoera irregularrean nagoelako. Ezin dut, beraz, lanik egin, eta kalean ere gelditu naiz, hainbat elkarteren laguntza jaso arte». Herrikideak ohartarazi nahi dituela dio kubatarrak. «Gehienak AEBetara joaten dira, eta horretarako Floridako itsasartea baliatzen dute, 90 itsas milia dira, baina hura kubatarren hilerria bihurtu da. Horretaz sentsibilizatu nahi dut jendartea».
Giza Liburutegia jasotzen ari den harrerarekin pozik dira antolatzaileak eta bizi ibilbidea partekatzen ari diren lau pertsonak: «Oso ondo hartzen gaituzte, asko errespetatzen dituzte historiak, galdera asko egiten dituzte, eta islatuta ikusten dute euren burua».