Isidro Ansorenaren omenezko txistu doinuak, ostiralean
Ereintza elkarteko txistulariek emango dute kontzertua Ansorenaren heriotzaren 50. urteurrenean, Madalenaren ermitan.

Kontzertua emango du Ereintza elkarteko txistulari taldeak, Isidro Ansorenaren heriotzaren 50. urteurrena beteko dela-eta. Abuztuan izango da urteurrena, baina apirilaren 4an, ostiralean, emango dute kontzertua txistulariek, Madalenaren ermitan. Ereintzaren txistulari taldea, berrituta azalduko da, gainera, emanaldi horretan. Izan ere, belaunaldi ezberdinetako txistulariak ariko dira atrila partekatzen, “euren zaletasuna eta txistuarekiko konpromisoa uztartuta”.
Ereintza elkarteko txistulari taldeak udalerriaren bizitzari egin dion ekarpena nabarmen jarri du Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteak, “oso ezaguna da egin duen ekarpen oparoa bezain zabala, 1960an sortu eta gaur egunera artea, sei hamarka luzez”.
Ostiraleko emanaldian, Isidro Ansorena Eleizegi izango da protagonista (Hernani 1893- Donostia 1975). Maisuen maisu izan zela Ansorena jarri dute nabarmen. Hark, txistuaren iraupenari, irakaskuntzari eta etorkizunari egindako ekarpena ezinbestekoa izan da Euskal Herrian, “garai bateko txistularien ezagutza transmititzen jakin zuen, aldi berean txistua bultzatuz eta bere garaian prentsaezina zen maila gorenera eraman”.
Ostiraleko emanaldiak, “bidaia zirraragarria” eskainiko diela bertaratzen direnei ere agindu dute, “Euskal Herriko txistugintzan iraultza ekarri zuen Ansorenaren ondarearen barrena egingo baitu bidea”.
Ansorenak egindako lanaren errepasoa egin du Ereintza elkarteko txistulari taldeak; “osoa eta sakona” izan zela nabarmen jarri du, eta txistuaren arlo guzietan, “erabakigarria” izan zela erantsi. Hala, txistugile gisa, zuten soinu leun, eta ozenarengatik oso estimatuak ziren txistuak fabrikatzen zituela ekarri dute gogora. Fabrikatzaile ona, eta txistulari bikaina, “interpretazio dotorea eta fraseo garbia zituen”. Zuzendari ere izan zen Ansorena, Donostiako Udal Txistulari Bandarena, eta Alarde ugariren buru ere. Irakasle gisa aritu zen gainera, ea txistua Donostiako Kontserbatorioko irakaskuntza ofizialean sartu.
Ansorenaren Eskola entzutetsua sortzeaz aparte, txistuaren irakaskuntzarako ezinbestekoa den metodoa Txistu ots gozoa nola? sortu zuen, eta 1936ko Gerraren Euskal Herriko Txistulari Elkartearen birsortze eta antolaketan funtsezko zutabea izan zen.
Ibilbide luzea, eta aitortzak ere ugariak: Donsotiako Hiriko zilarrezko domina, eta Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Urrezko Domina ere eskuratu zituen bizirik zela. Musika herrikoiari ere egin zion ekarpena, txistua herri eta jai giroetara hurbilduz. Konpositore gisa, 700dik gora partitura sortu zituen txisturako.
Ostiraleko kontzertua Mikel Oliverik zuzenduko du eta Ansorenaren lan esanguratsuenetako batzuk entzuteko aukera eskainiko dute, tartean, Biribilketa hasierakoa madalenekin lotutako pieza ospetsua eta Alborada Damuba-Garaiz joko dituzte.
Ereintza elkarteko txistulari taldeak aipamen berezia egin dio, bestalde, Ansorenak musika herrikoia arte bihurtzeko zuen aparteko talentua, “kontzertu honen bidez Ereintza txistulari taldeak Isidro Ansorenari omenaldia eskaini nahi dio, txistuaren eta Euskal Herriaren alde egin duen guztiagatik”. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte, “gau paregabea bizitzekoa aukera izango baitute tradizio eta emozioa elkarren eskutik joango diren kontzertuarekin”.
Kontzertua apirilaren 4an, ostiralarekin izango da,. 19:30ean hasita, Madalenaren basilikan.