Lezoko Etxebizitza Plana, ahobatez aurrera
Alderdi guztiek bat egin dute udalbatzarrean Etxebizitza Plana onartu, eta horren barruko ekintza plana nahiz eremu tenkatu eskaera bideratzeko.
Lezoko Antonio Pildain kalea. Lezoko Etxebizitza Plana aurrera doa. Martxoko osoko bilkuran onartu zuten, ahobatez, alderdi guztiek. Proposamena martxoaren 12an aurkeztu zuen gobernu taldeak (EH Bildu), eta hil horri dagokion udalbatzarrean eman zioten bultzada oposizioko alderdiek ere, EAJk eta PSE-EEk. Horrela, hiru urteko epea izango duen Etxebizitza Plana garatzeko aukera izango du herriak, eta aldi berean, Lezo etxebizitzako tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egingo zaio Eusko Jaurlaritzari.
Zinegotzi denen adostasunez hartutako erabaki horiekin baikor azaldu da Mikel Arruti alkatea: “Herritar askori eragiten dion arazoari guztion artean erantzutea beharrezkoa da. Horregatik, udal gobernutik balorazio positiboa egiten dugu”. Jaurlaritzak tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera onartuko balu, udal politiken bidez etxebizitzen salmentan eta alokairuen prezioan eragiteko aukera izango luke udalak.
Etxebizitza Plana
Azken plenoan onartutako etxebizitza planak bost ardatz ditu. Lehena babes publikoko etxebizitzen parkea handitzea da. Eneritz Arruti alkateordeak planaren aurkezpenean oroitarazi zuen Olatzarko eremuan 33 etxebizitza babestu eta beste 24 tasatu eginak eta esleituak daudela jada, eta eremu horretarako beste 33 babespeko egingo direla. Gainera, Isasti eremuan beste hamasei eraikitzeko xehetasun azterlanak abian dira. Bestalde, Aralar kalean egun hutsik den eremuan gazteen alokairurako beste 52 eraikitzeko prozesua martxan da.
Bigarren ardatza da herrian identifikatu diren 115 etxebizitza hutsetan eragitea, iaz udalak onartutako zerga ordenantza eskuan. Biztanlerik ez duten etxebizitza horiek alokairura bideratzea da asmoa, “prezio eskuragarrietan”, azaldu zuen Eneritz Arruti zinegotziak. Horien jabeek erabaki hori hartzen badute, Ondasun Higiezinen Zergan %50eko hobaria aplikatuko zaie; etxe hutsak merkaturatzea eragozten dutenei, berriz, zerga horretan %100eko errekargua (%150era irits daitekeena) ezarriko diete. Bizileku horiek berritu behar balira, obrak egiteko diru laguntza lerro espezifikoak edo zerga neurriak aztertzea aurreikusi da. Lezoko Udalak 115 etxe huts identifikatu ditu herrian.
Zailtasunak dituzten kolektiboak laguntzea, bereziki gazteak eta bazterketa arriskuan daudenak. Hori ere Lezoko Etxebizitza Planean jasota dago. Eneritz Arrutik zehaztu zuen Etxebiden erregistratutako lezoarren artean 36 urtetik beherakoen 114 eskaera daudela, eta azken urteetan udalerritik kanpo bizitzera joan direnen artetik %35 20-34 adin tarteko gazteak direla. Zailtasunak dituztenen artean ere, kolektibo zaurgarriak: udal baliabideak zein Jaurlaritzarenak erabil ditzatela eskatu diete haiei, “udalak aholkularitza eskaintzeko aukera landuko du”. Eneritz Arrutik jakinarazi zuen bazterketa arriskuan daudenek hainbat diru laguntza lerro dituztela eskuragarri: batetik, udalak eskaintzen dituen gizarte larrialdietarako laguntzen barruan alokairura bideratutakoak daude, egun 26 etxetan baliatzen dituztenak. Eusko Jaurlaritzaren laguntzak ere hor direla adierazi zuten udal agintariek, prestazio ekonomiko bidez. Hala, laguntza horiek eskuratzeko informazioa eta aholkularitza emateko prest agertu dira hautetsiak.
Hein berean, laugarren zutabe bezala, etxebizitza turistikoak arautzeko eta kontrolatzeko konpromisoa hartu du udal erakundeak.
Erakundeen arteko koordinazioari ere aipua egin zion Arruti alkateak planaren aurkezpenean, eta eskualdeko etxebizitza bulego integrala martxan jartzeko aukera mahaigaineratu zuen, bertatik hainbat programa eta laguntza zuzenean kudeatuko zirelarik era hurbil eta errazean. Eusko Jaurlaritzak esku artean dituen laguntzen eta programen berri era eraginkorrean emateko hautua egin du udalak.”Lezoko Udalak garbi du etxebizitza duina izatea eskubidea dela, eta ezin dela utzi espekulazioaren esku. Jauzi berriak egiteko momentua dela uste dugu, politika ausartak eta eraginkorrak gauzatuz. Elkar zainduz, Lezo justuago eta bizigarriagoa eraiki dezagun”.
Datuak
Lezon etxebizitza eskuratzeko 534 eskaera aktibo daude, Etxebidek dituen datuen arabera. Horietatik %56 alokairuzkoetara daude bideratuta, eta eskaera guztien artetik %51 egun Lezotik kanpo bizi direnenak dira. Datu horiek Lezoko Udalak jaso ditu, Etxebizitza Plana egiteko lanketaren barruan. Gainera, 115 etxebizitza huts ditu identifikatuta udalak.
“Lezoar askoren bizi proiektuak etxebizitza lortzeko zailtasunak baldintzatzen ditu, eta etxebizitza eskubidea bermatzea ezinbestekoa da bizitza duina izan ahal izateko”, adierazi du udalak.
