Markel Amat, Munduko Eskrima Txapelketara begira
Eskrima tiratzaile sanpedrotarra eta June Ruiz hernaniarra Txinan jokatuko den Kadete Mailako Munduko Txapelketan izango dira, astelehenetik aurrera.

Markel Amat Baztarrika sanpedrotarra eta June Ruiz Belategi hernaniarra Txinako Wuxi herrian jokatuko den Kadete Mailako Munduko Eskrima Txapelketan izango dira, astelehenetik aurrera. Fortunako bi tiratzaileak sable modalitatean arituko dira Txinan. Ruiz junior mailan arituko da astelehenean (hilak 7) eta kadete mailan asteartean (hilak 8). Amaten lehia, aldiz, asteartean izango da, eta kadete mailan arituko da tiratzaile sanpedrotarra.
Fortunak adierazi du Amaten eta Ruizen Munduko Txapelketako parte hartzea “mugarri historikoa” dela, lehen aldia baita euskal eskrimaren historian bi tiratzailek Munduko Txapelketarako sailkapena lortzen dutena. Gipuzkoarentzat ere mugarri izango da, bi ordezkari izango baitira Txinako Munduko Txapelketan.