Herrigintzan dabiltzan herrikideei eskerrak emateko, Eskertza eguna
Olinpiadetako irabazlea izendatu eta bazkari goxoa dastatu dute Oiartzungo gazteek. Arratsaldean ere festan jarraituko dute.

Atzo iluntzean Irati, Ane eta Joxeleonek gidatutako herri kantaldian motorrak berotu ondoren, gogotsu hasi dute gaur Biyurrienea Gazte elkarteak antolatutako Eskertza Eguna.
10:00etan herri olinpiaden azken jardunaldia izan den ginkana egin, eta, eguerdian, herrigintzan ibiltzen diren herrikideei eskerrak emateko bazkaria hasi dute.
Ezertan hasi aurretik, ordea, olinpiadetako talde irabazlea zein izan den argitu dute Biyurrienea elkarteko kideek: Mokoyuak taldea izan da aurtengo talde irabazlea. Madalensoro plazako oholtza txikira igo eta irabazleen koroa jasotzeaz gain, herriko komertzioetan gastatzeko 150 euro jaso dituzte ere.
Ondoren, bazkaria egoki antolatzeko argibide batzuk eman eta bazkaltzen hasi dira gazteak. Menua hurrengoa: arroza barazkiekin eta oilasko izterrak saltsan.
Goizeko ginkana
Olinpiadetako hirugarren eta azken jardunaldia egin dute gaur. Zazpi taldek hartu dute parte eta zirkuitu bakarra prestatu duten arren, taldeak bitan banatu, eta probak bi norabidean gauzatu dituzte.
Talde batek Iturriotzen hasi du ginkana. Ontzi batean ura eta irina nahastuta aurkitu dituzte, eta ahoarekin goxokiak bilatu behar izan dituzte. Ondoren, Skate parkera joan eta skatearekin modu originalenean proba bat egitea izan dute erronka.
Segidan, errekara joan dira eta uretan objektu bat bilatu behar izan dute. Horrek hurrengo probara eraman ditu gazteak: Zorrolako zubira. Bertan, 20 segundoko bideo original bat egin behar izan dute. Azken proba Madalensoron egin dute. Antolatzaileek 3 euro eman dizkiete, eta bokal bat soilik erabiliz, Oiartzungo edozein komertziotan objektu originalena erosi behar izan dute. Bigarren taldeak probak kontrako noranzkoan gauzatu behar izan ditu.
Hasieran urduri zeudela azaldu du Biyurrienea elkarteko kide batek: “Urduri geunden ea pistak harrapatuko zituzten ala ez, ez genuen inor galtzea nahi. Zenbait kobertura gabe ginen. Baina azkenean, gustura geratu gara gu, eta baita taldeak ere. Goiz pasa polita izan da”.
Olinpiadak hiru jardunalditan gauzatu dituzte. Lehen jardunaldian boleibol torneo bat egin zuten eta bigarrenean laburmetrail proba.
Arratsaldeko hitzorduak
- 18:00. Elektrotxufla.
- 20:20. DJ Aiakate.
- 22:30. Skabidean Madalensoron.
- 00:30. DJ Fifi Ta Fefa.
- 02:30. DJ Fresa Morango.




















































