Adingabeen heziketa prozesuan eragiteko, hiru hitzaldi Pasaian
Udalak gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogikoa eskainiko du, haurren eta nerabeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzeko helburuarekin. Lehen saioan familiako komunikazioa landuko da, maiatzaren 8an.
Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Saila TREBA Gurasoak programaren parte da. Programa hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza egitasmo bat da, eta gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu.
“Haur eta nerabeen heziketa prozesuan, gurasoek askotan behar dugu momenturen batean laguntza. Laguntza edo sostengu horrek helburu prebentiboa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu”, adierazi du Julen Rodriguez Nerabe eta Gazteen Sustapen Saileko zinegotziak.
Gurasoei laguntza hori eskaintzeko xedearekin, udalak bat egin du gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogikoarekin. Programa horren bitartez, gurasoei seme-alaben heziketa prozesuan lagunduko dieten gaiei buruzko hiru hitzaldi eta tailer antolatuko dira Pasaian.
Lehen saioa maiatzaren 8an izango da, eta familiako komunikazioa hobetzeko gakoak emango ditu Leyre Cano hizlariak, guraso eta seme-alaben arteko harremanak hobetzeko. Hitzaldia Donibaneko Kulturguneko erabilera anitzeko gelan izango da, 17:30ean, euskaraz. Izen emateak irekita daude jada, eta helbide elektroniko bidez egin behar dira. Maiatzaren 5a da izena emateko azken eguna.
Bigarren saioa azaroaren 5ean izango da, eta nerabeen osasun mentalaren inguruan arituko dira Trintxerpeko Alkateordetzan, 17:30ean, elebitan. Azkenik, eta datarik jarri ez badute ere, udazkenean arauen eta mugen gaineko gogoeta egingo dute, gaztelaniaz.
