Jaizkibel hiribidearen eta Altamira arteko basoa garbitzen hasi dira
Udalak bertan bi tona hondakin inguru daudela adierazi du. Lanek hiruzpalau asteko iraupena izango dute.
Zonaldearen irudi orokorra.Lezoko Udala Jaizkibel hiribidearen eta Altamirako parkearen artean basotxo bat dago. Lursail hori utzita eta hondakinez betea dagoela jakinarazi du Lezoko Udalak, eta horren ondorioz, garbiketa eta txukunketa lanei ekin dio. Eremua seguruago izateko lanketa ere egingo da. Han bi tona hondakin inguru daudela zehaztu du udalak, eta garbitze lanek hiruzpalau aste iraungo dutela adierazi du.
Etxola gune izan zen eremua, eta egin erabilerarik gabe zen. Hala, jatorriz zeuden hondakinez gain, apurka hainbatek beste zabor eta gaiak han utzi dituztela esan du udalak. Horregatik, bizilagunentzat osasun arazo iturri izan daitekeela ebatzi du udal erakundeak, besteak beste tigre-eltxoa intsektuaren sorburu foku ere izan daitekeelako. Han jasotako hondakinak gaika sailkatuko eta kudeatuko dituzte langileek.
Udalak herritarrak kontzientziatu nahi ditu horrelako guneak arriskutsuak izan daitezkeela ohartarazteko. “Elkar zaintzea ez da pertsonetara mugatzen, gure herria eta ingurumena zaintzea ere beharrezkoa da denon bizi kalitatea hobetu eta elkarlanean bizitoki erabilgarri, seguru eta gozagarriak sortzeko”, esan du.
