Lurra, justizia eta bakearen aldeko aldarria plazara, bihar
Gernika-Palestina Herri Ekimenak deituta elkarretaratzeak egingo dituzte Euskal Herri osoan bihar. Errenteria-Oreretan ere deitu dute 19:00etan Herriko Plazan.

Lurra. Justizia. Bakea Eskakizun hori eramango dute bihar arratsaldean Euskal Herriko hamaika plazetara Israelek genozidioa geldi dezan exijitzeko, eta Palestinari elkartasuna adierazteko. Gernika-Palestina Herri ekimenak deitu ditu elkarretaratzeak, joan den hilaren 29an Donostiako Kursaalen hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalek egindako adierazpenaren haritik.
Hiru puntu nagusi ditu adierazpen horrek. Lehe4nengoan, nazioarteko harremanak eta orekak aldatzen arei diren unean “lidergo politikoen” garai dela azaldu du herri ekimenak. Bigarren puntuan, Israeli operazio militarrak berehala eteteko, Gazatik erretiratu, eta nazioarteko zuzenbideak finkatutako betebehar legalak gauzatzeko exijitu dio. Azkenik, hirugarren puntuan, elkarrizketa eta negoziazioa jarri ditu erdi-erdian “gatazka politiko guztietan bake justu, egonkor eta iraunkorra” lortzeko tresna gisa.
Elkartasun aktiborako deia egin du herri ekimenak, gainera, “Mendebaldeko gizarteak ez gara basakeria honen erantzule zuzenak, baina axolagabekerian edo pasibotasunean erortzeak, gizatasuna kenduko liguke”.
Herritar guztiak deitu ditu 19:00etan Herriko Plazara, Israel egiten ari den genozidioaren aurka eta Palestinaren eta palestinarren alde egitera.
Gernika-Palestina Herri Ekimenaren adierazpena irakurtzeko klik hemen.