Pentsio eta gutxieneko soldata justu eta nahikoen alde kalean
Datorren maiatzaren 3an kalera aterako direla sinadurak biltzera Bilbo, Donostia eta Gasteizen eta 70etik gora herrietan jakinarazi du pentsiodunen mugimenduak.
Pentsiodunen manifestazioa, gaur goizean. Duintasuna Pentsiodunen Mugimenduak kalea hartu du berriro. Hileko lehen astelehenero egin moduan, batzarra egin du lehenik Herriko Plazan eta hura bukatuta manifestazioa egin dute erdialdeko kaleetan barrena. Pasa den larunbatean Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta Eibarren pentsiodun eta langile guztiei bizi baldintzak duintzeko manifestazioak izan ditu hizpide mugimenduak. Sindikatu gehienek babestutako manifestazioa izan zela esan dute eta milaka pertsonek hartu zutela parte.
Oinarrizko-oinarrizkoei erantzuteko gaitasuna ez duten euskal herritarrak “ehunka mila” direla esan du, bestalde, Duintasunak, “bizitzaren kostuari ezin erantzun dira pentsio exkaxak dituzten pentsiodunak, Espainiako estatuan ezarritako lanbidearteko Gutxieneko Soldata duten langileak”. Multzo horretan kokatu ditu, halaber, alargunak. Alargunen Euskal Federazioak larunbatean Basaurik egin zuen urteko topaketan adierazi zuen, pentsio gehienek ez dietela bizitzeko ematen eta ikusezin direla gainera. Arrazoi horiengatik guztiengatik HEL Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadurak biltzen jarraituko dutela adierazi dute; maiatzaren 15ean aurkeztuko dituzte Legebiltzarrean, manifestazioa eginda. Jasotako babesari egin diote erreferentzia pentsiodunek gaur, “110.000 sinadura baino gehiago lortu ditugu, eta oraindik ere, aste batzuk ditugu aurretik kanpaina itxi arte”.
Horren harira datorren maiatzaren 3an kalera aterako direla sinadurak biltzera Bilbo, Donostia eta Gasteizen eta 70etik gora herrietan jakinarazi du pentsiodunen mugimenduak: “Harrigarria eta ulergaitza litzateke hainbeste sinadura bilduta alderdi politikoren batek hura eztabaidatzeko eta bozkatzeko trabak jartzea. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kide bat bertan izango da hura babesten”.
