Edukiontzi hori eta urdin handiagoak jarri dituzte zenbait txokotan
Ontzi berriekin kale eta plazak garbiago mantentzeaz gain, hondakinen sailkapena erraztu eta birziklatze tasa handitu nahi dute.
Oiartzungo Udalak jakitera eman duenez, edukiontzi handigoak jartzen ari dira herrian barna “hondakinak hobeto sailkatzea erraztu eta ingurua garbi mantentzeko”.
Gauzak horrela, herriko zenbait lekutan papera eta ontzi arinak biltzeko kaleko edukiontzi urdinak eta horiak jarri dituzte. Zehaztu dutenez, jende gehien ibiltzen den guneetan zeudenak azkar betetzen ziren, “leku faltagatik” zaila izaten baitzen hondakinak “behar bezala” bereiztea.
Neurri berri horrekin kaleak eta plazak “garbiago” mantentzeaz gain, hondakinen sailkapena erraztea eta birziklatze tasa handitzea lortu nahi dute. Gainera, nabarmendu dute auzo bileretan bizilagunek eskatu duten hobekuntza bat dela.
Oraingoz lau auzotan jarri dituzte ontzi berriak, baina beharraren arabera leku gehiagotan jarriko dituztela azpimarratu dute.

Non jarri dituzte edukiontziak?
- Elizalde. Doneztebe eta Donostia plazetan eta Haurtzaro Ikastolan.
- Iturriotz. Beko soro eta frontoian.
- Altzibar. Olalde eta Klarene plazan.
- Ugaldetxo. Kalexa plaza eta Mendibilgo parkean.
