Kepa Anabitarte Mujika zendu da
Trintxerpetarraren bizitzaren iparra Euskal Herriaren askatasunaren alde egitea izan zen. Arlo askotan egin zuen ekarpena.
Kepa Anabitarte MujikaOrreaga Kepa Anabitarte Mujika (Trintxerpe, 1934-2025) zendu da. Bere bizitzaren iparra Euskal Herriaren askatasunaren alde egitea izan zen. Motibazio horrek bultzatuta, lan munduan murgildu zenean sindikalgintzan hartu zituen ardurak, ELAn zehazki. Ondoren, 1960ko hamarkadan Euskal Herriaren zapalkuntzaren irakurketa ideologiko oso sakon eta zehatz baten bidetik egin zuen aurrera. Alderdi politikoetan ere sartu zen epe labur batez, Frankismoaren ondoren, ESB alderdian. Ekonomian ere aritu zen, eta hainbat ardura hartu zituen beti: Orreaga iritzi taldean aritu zen, Nabarralde bultzatu zuen, Gara egunkariko presidente izan zen, edota Gaindegiaren sorrerako eztabaidetan parte hartu zuen. Gauza askotan ibilitakoa izan zen, betiere herria helburu. Trintxerpen eta Pasaian oso ezaguna, udalerritik abiatuta Euskal Herrian arrastoa utzi du.
Eneko Bidegain idazleak Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia liburua argitaratu zuen iaz. Sakon aztertu zuen idazleak trintxerpetarraren ibilbidea biografia egiteko. Bidegainen arabera, Anabitartek egiten zituen hautuak herri ikuspegiaren araberakoak ziren, ikusiz zer zen bere ustez mesedegarria herriarentzat eta zer ez. “Horrek gidatu du bere bizitza denbora guztian, ahal izan duen guztia egin du herriaren alde. Eta zer da herriaren alde egitea? Bakoitzak norbere erantzuna du. Batzuentzat herriaren alde egitea dena, beharbada beste batzuentzat gaizki egitea da. Horren inguruan ere hausnarketa oso zorrotzak zituen”. HITZAri elkarrizketa eskaini zion Bidegainek urtarrilean, liburuaz eta Anabitartez hitz egiteko.
Kepa Anabitarte familia abertzale batean sortu zen. Aita militantea eta zinegotzia izan zen, baina 1938an hil zen, Kepak 4 urte zituela. Etxeko egoera ekonomikoagatik, Zaragozako (Espainia) eskola batera eraman zuten, eta han egin zituen ikasketak. Gauza asko ikasi zituen han, baina euskara galdu zuen. Udak Pasaian pasatzen zituen, eta nolabait Euskal Herriarekiko konexioa mantendu zuen. Denbora horretan, 1940ko hamarkadan, euskaldun eta abertzale izatea oso-oso klandestinoa zen, eta horrek asko markatu zuen Anabitarte. Euskal Herrira itzuli zenean, gazte zela hasi zen lanean, 15 edo 16 urterekin. Greba batzuk ezagutu zituen eta sindikalgintzan militatzen hasi zen. Horiek dira bere ibilbidearen hastapenak.
Bidegainen arabera, Kepa Anabitarteren ibilbidean garrantzitsua da 1962an Munichen izan zen bilera. Orduko Espainiako indar antifrankistek Franco hil ondorengo trantsizioa prestatu nahi zuten, eta indar antifrankista horietara batu ziren euskaldunak eta katalanak. Euskal Herritik, bereziki, EAJren helburua zen ordezkaritza oso zabala izatea, eta Kepa Anabitarte ordezkaritza hartan izan zen. Harekin batera izan zen Iñaki Aginaga ere. Aginaga ez zen ezaguna militantziaren munduan, baina oso intelektuala zen, eta hark esan zuen EAJk Munichen izenpetu nahi zuen itun hura euskal nazioaren ukapenaren ituna zela, eta ezin zela itun hori egin Euskal Herriari uko egitea zelako eta horrek markatuko zuelako gerora izango zen trantsizio demokratikoa. Municheko ituna Euskal Herriaren nazio ukapenean oinarritzen zen.
Aginaga ELAko aldizkaria idazten hasi zen, eta aldizkari horretan ahoan bilorik gabe mintzatzen zen politikaz, bereziki PSOE alderdiaren kontra. PSOE eta EAJ nahiko aliatuak ziren, eta EAJk ez zuen hori onartu. Hori dela eta, Kepa Anabitarte eta beste hainbat kide ELAtik kanporatu zituzten Bidegainek jasota duenez. ELAn zatiketa izan zen: erbesteko ELA historikoa, Miarritzen zegoena, eta Hego Euskal Herrikoa, klandestinoki lantegietan militatzen zuena. Bigarren hori Kepa Anabitartek bideratzen zuen. Klandestinitatean egin zuen militantzia, polizia atzetik zuela aritu zen ELAko arduradun lanetan, eta atxilotu egin zuten, kartzelan egon zen.
Ibilbide horretan, Anabitarte 1977ko Espainiako Gorteetarako hauteskundetara aurkeztu zela ESB alderdiarekin. Alderdi horren sortzaileetako bat izan zen. Momentu hartan zalantza une bat izan zuen Anabitartek, hauteskundeetan aurkezteko edo ez. Azkenean aurkeztu zen, baina gerora horren autokritika egin zuen. 1977ko Espainiako hauteskunde orokor haietara aurkeztea zen nolabait ontzat ematea Euskal Herriaren zapalkuntza. Ondoren, mugimendu haiek utzi zituen, baina bere kezka politikoekin jarraitu zuen.
Geroztik, enpresa munduan murgildu zen, eta euskalgintzarekin lotutako proiektu ugari babestu zituen, hala nola Ez Dok Amairu, Nestor Basterretxearen Amalur proiektua, Ikastolen egitasmoa, Euskaldunon Egunkaria, EKHE Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea, Gaindegia eta abar.
