Baserritar Azokaren jardunaldi berezia larunbatean
Tokiko elikagaien salmenta dinamizatzea du helburu jardunaldi horrek; 09:00etatik 12:00etara.

Baserritar Azokak jardunaldi berezia egingo du larunbatean udalak, Behemendi Landa Garapeneko elkarteak, eta azokan ari diren bost ekoizleek antolatuta. Ohiko orduan zabalduko dute azoka, 09:00etaneta hortik aurrera hainbat ekintza egingo dituzte. Dultzaineroak eta txistulariak erdialdeko kaleetatik barrena ibiliko dira 10:30etik aurrera.
Produktu dastaketa egingo dute ondoren, 11:00etan, eta shiitake perretxikoak eta arrautza ekologiko eta sagardo ekologikoak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bertsolarien txanda helduko da gero; 11:30ean hasiko dute saioa eta hazien tailerra ere egingo dute (12:00etan) Aleka Euskal Herriko Hazi Ekologikoen elkartearen eskutik. Euskal dantzak ere ez du hutsik egingo eta muxiko emanaldia egingo dute.
Tokiko produktuak sustatzea helburu duen jarduera udaran eta udazkenean ere errepikatu dutela jakinarazi dute, bestalde. Udalak parte hartzera deitu ditu herritarrak, baita bertako nekazaritza eta abeltzaintza produktuak erostera ere.
Baserritarren Azoka egunero egiten dute Jose Erbiti kalean, Niessen merkatal eremuan. Errenteria-Oreretako eta Oarsoaldeko beste herrietako bost ekoizle profesionalek dute postua bertan, eta baserriko produktu eta elikagaiak saltzen dituzte.