Beraunen biziberritzearekin alde guztiak ase
Arrakastaz bukatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Errenteriako Udalak Beraun auzoko bi eraikineko 63 etxebizitzaren birgaitze integrala. Halaber, auzo horretako espazio publikoa urbanizatzeko eta hobetzeko lanekin jarraitzen dute. Bisita egin dute bertara gaur eguerdian Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak.

Arrakastaz bukatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Errenteriako Udalak Beraun auzoko bi eraikineko 63 etxebizitzaren birgaitze integrala. Halaber, auzo horretako espazio publikoa urbanizatzeko eta hobetzeko lanekin jarraitzen dute. Bisita egin dute bertara gaur eguerdian Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, Juan Carlos Abascal sailburuordeak, Ana Telleria sail horretako zuzendariak, Eneko del Amo Errenteriako Udaleko Hirigintza zinegotziak, Maite Gartzia alkateordeak, eta udal arkitekto Celia Lana nahiz zenbait teknikarik.
Beraun Planak 10 milioi euroko inbertsioa izan du, eta jarduketaren bidez bi blokeen bizigarritasuna bermatzeko lanak egin dituzte, baita energia efizientzia hobetzekoak ere. Beraungo auzoaren zati baten eraldaketa, Errenteriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako hiri berroneratzeko asmo handiko plan baten ondorio izan da, eta plan horrek, gainera, auzotarren parte hartze aktiboa izan du. 2023 urtearen hasieran abiatu zuten Beraun Plana, eta horren barruan, Jesus Guridi kaleko 1. zenbakian eta San Marko kaleko 8. zenbakian kokatutako bi eraikinetako 63 etxebizitzaren birgaitze integrala ahalbidetu du.
Bi etxebizitzen jarduketara, 1o.030.478 euroko diru poltsa bideratu da denera. Diru horren %58 Errenteriako Udalak inbertitu du, 5.894.752 euroko ekarpena egin du; Eusko Jaurlaritzak %34koa (3.423.907 euro), eta auzotarrek berriz, %8 (711.818).
Aizpea Otaegik azaldu du gaur erakutsi nahi ziotela Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari azken bizpahiru urteetan Beraun biziberritzeko egin duten ahalegina: “Garrantzitsua izan da udaletik egin dugun ahalegina, eta esango nuke auzo baten biziberritzearen ikuspegitik eredugarri izan daitekeen plan baten garapenaren aurrean egon gaitezkeela”. Biziberritze planaren barruan, batetik, etxebizitza bloke batzuk birgaitzeko finantziazioa erraztu dela azaldu du Otaegik: “Batez ere jasangarritasunaren ikuspegitik eta efizientzia energetikoaren ikuspegitik garrantzitsuak diren interbentzioak egin dira 63 etxebizitzetan bi bloketan banatuta. Uste dugu interbentzio horiek eredugarri izan daitezkeela auzoan egin beharreko gainontzeko errehabilitazioen eremuan”. Bestetik, Beraun Planaren barruan, etxe blokeak birgaitzeko ahaleginaz gain, ekipamenduen ikuspegitik ahalegin berezi bat egin nahi izan dutela gaineratu du alkateak, auzoari zerbitzu handiagoa eman eta kalitatezko espazio publikoa irabazi dezan.
Horren barruan Aldakoenea aipatu du alkateak, eta zehaztu horren irekiera “mugarria” izan dela udalerriarentzat, “bai Zu Udalaren arreta zerbitzua goiko auzoetara ekartzeko aukera eman digulako, baita gizarte zerbitzuak ere, edota liburutegia bezalako zerbitzu garrantzitsu bat”. Beraun Planaren barruan, bestelako ekipamenduak ere eraiki ditu udalak: Beraungo bi aparkalekuak; bata lur azalekoa Beraun kalean estadioaren ondoan; bestea, Beraun kalearen hasieran ia 200 autorentzat edukiera duena.
Irisgarritasunaren esparruari ere aipamena egin dio Otaegik: “Herri honetan dagoeneko egina dugun apustu horretan sakondu dugu eta ardatz berriak osatu ditugu irisgarritasunaren ikuspegitik”. Bi igogailu eriki ditu udalak Juan Crisostomo Arriaga, Aita Donosti eta Maurice Ravel kaleen artean.
Egindako ahalegin teknikoa eta politikoa aitortu ditu Errenteriako alkateak. “Handia izan da, baita inbertsio ekonomikoa ere, eta Eusko Jaurlaritzak, udalak eta auzotarrek egin dugu ekarpena horretan. Esango nuke badela eredugarri auzoa biziberritzearen ikuspegitik hemen egin dena, baita erakundeen arteko lankidetzaren eta bizilagunen partaidetzaren ikuspegitik”. Zentzu horretan, balorazio positiboa berretsi du Otaegik. Halako lankidetzak eta auzoak biziberritzeko esku hartzeek segida izan dezaten eskatu du Otaegik, “Beraunen egin den hau guztia orain Galtzarabordan garatzen joan ahal izatea nahi genuke, eta bide horretan ahal den neurrian nahiko genuke lankidetza honek aurrera egin dezan”.
Alkateari eta udalari eskerrak eman dizkie Itxasok, “halako apustu batean egindako esfortzuagatik”. Hiri Agendarekin konprometitutako udalerria dela Errenteria esan du, eta garrantzitsua dela hori gaineratu, “izan ere, EAEn Europa Hegoaldeko etxebizitza parkerik zaharrenetariko bat dugulako. Eta horrek esan nahi du etxebizitza gehiago egiteaz gain, eta hori erronka da guztiontzat, dagoeneko eraikiak dauden etxebizitzak birgaitu behar ditugula”. Harago jo du, eta etxebizitza mota hori, ezaugarri antzekoak dituzten auzoetan izaten direla jarri du nabarmen sailburuak. “Esango nuke Beraun Euskal Autonomia Erkidegoan adibide esanguratsua dela. Hemen egin den esfortzua oso handia da, udalak duen tamainarekin, egundoko apustua egin duelako ikuspegi finantzariotik begiratuta, baina garrantzitsua da baita ere integraltasuna. Birgaitzea inportantea da, baina zaharberritze horretan espazio urbanoek askoz ere segurtasun, erosotasun eta eraginkortasun handiagoak izan ditzaten”.
Beraunen egindako esku hartzeak etorkizunari begira zabaldu daitezen lehen pausu garrantzitsua izan dela Beraun Plana sinistuta azaldu da Itxaso. Hori horrela, elkarlanak jarraipena izatea nahi lukeela esan du sailburuak, “garrantzitsua da erakundeen arteko elkarlana, baina baita ere bizilagunek konfiantza erakundeengan jartzea finean beraiek ere ekarpen bat egin behar dutelako. Denon artean egin dugun inbertsioa da”.
Une honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 22 udalerritako 25 auzotan ari direla halako jarduketak egiten, Itxasok zehaztu duenez.
Jesus Guridi kaleko 1. zenbakian datozen egunetan aldamioak kenduko dituzte, eta San Marko kaleko 8. zenbakian bukatuta daude lanak. Hori egikaritzeko, funtsezkoa izan da Hurbiltasun Bulegoak (Opengela) auzotarrei eta erkidegoetako administratzaileei emandako laguntza eta aholkularitza. Izan ere, bulego hori leihatila bakar gisa aritu da diru laguntzak eskatu eta izapidetzeko garaian, eta auzotarren eta administrazioaren arteko koordinazio lanak egin ditu, birgaitze-lanak abiarazi eta egikaritzeko.
Celia Lana udal arkitektoak azaldu du eredu izan zitezen etxebizitza blokeak berritu nahi izan dituztela, “birgaitze energetiko osoa emango zutenak. Halako jarduketa batek 35.000 euro balio ditu, eta diru laguntzak bideratu dira familiak laguntzeko. Bi etxebizitza bloketan egin dira jarduketak eta inguratzaile guztiak berritu, kanpoaldeak eta teilatuak”. Jarduketa horri esker, %60an areagotu da energia eraginkortasuna, “hori zen erronka”.
Bestelako jarduketei ere egin die aipamena Lanak, eta horrela, aipatu du, eraikitako bi plaza berriek auzoa “humanizatu” egin dutela, “egoteko espazioak” sortuta, “auzoan asko landu da, egun parke bat da, jendea bertan egoten da, bizitza badago”. Lanketa guztia bizilagunekin elkarlanean egin dela nabarmen jarri du arkitektoak.
Beraun auzoaren hirigintza garapena XX. mendeko 60ko hamarkadaren amaieran hasi zen. Auzoa Galtzaraborda hiribidearen (iparraldean) eta GI-20 autobidearen (hegoaldean) artean kokatuta dago, azpiegitura horretara orientatutako malda batean. Hiri-egituraren ezaugarri bereizgarriak lurraren sestra-kurbei jarraitzen dieten bideetan zehar lerrokatutako altuera handiko blokeak dira. Espazio publiko nagusia Sorozabal plaza da, auzoko ipar-mendebaldean kokatua eta hainbat eremutan banatutako plaza txikiago batzuekin osatua. Berdeguneak, bestalde, auzoaren ertzetan kokatuta daude nagusiki, orografia konplexura egokituta.


















