Aste Santua oparo dator Materren
Aste Santua gainean da, eta Materrek egitarau anitz eta zabala ondu du hil osorako. Jarduerak igandean hasiko dira, Alabortza senadiko mikrosistema azterketarekin.

Aste Santua gainean da, eta Materrek egitarau anitz eta zabala ondu du hil osorako. Materreko Aste Santuko programazioa igandean (hilak 13) hasiko da. Etzi Alabortza senadiko mikrosistema aztertuko dute bertaratzen direnek, 10:00etatik 14:00etara. Jarduera doakoa da.
Astelehenetik (hilak 14) aurrera, museoko bisitak egingo ditu Materrek. Hilaren 14an, 16an, 18an, 20an, 21ean, 23an, 25ean eta 27an Bisita Arrantzalea egingo dute Materren barrena. Hilaren 15ean, 17an, 19an, 22an, 24an eta 26an, aldiz, Bisita Ekoaktiboa egingo dute Materreko kideek. Bisita horiek astelehenetik igandera bitartean izango dira, 11:00etan, 12:00etan, 13:00etan, 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan. Sarrerak 7 euroko prezioa du. 5 eta 16 urte bitartekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte, eta 5 urtetik beherakoak doan sartuko dira.
Materreko kideek, gainera, bi irteera proposatu dituzte. Hilaren 18an eta 20an Jaizkibelgo itsaslabarrak ezagutuko dituzte bertaratzen direnek. Irteera hori 12:00etatik 13:30era izango da. Bigarren irteerak Ilunabarra itsasoan du izena, eta hilaren 19an izango da, 20:15etik 21:45era. Bi irteeren prezioa 30 eurokoa da. 12 urtetik beherakoek, aldiz, 15 euro ordaindu beharko dituzte.
Materrekoek ere arrain lonja bisitatuko dute hilaren 24an, 05:50etik 07:20ra. Lonjaren bisitak 15 euroko prezioa du.
Azkenik, hilaren 27an, itsas hondakinak bilduko dituzte Alabortza senadian, 11:00etatik 13:00etara. Hondakin bilketan parte hartzea doakoa da.
Jarduera guztietan parte hartzeko aurretiko erreserba egitea beharrezkoa da. Erreserbak hiru modutara egin daitezke: Materren webgunean, helbide elektroniko bidez edo 619 81 42 25 telefonoan.