Euskaraldiarekin, saretze lan bete-betean
Martxa ederrean da Lezoko Euskaraldia. Herri batzordea aspalditik lanean da, eta Hamaikakoa ere aurkeztu dute. Kale presentzia indartzearekin batera hasi dira izen emateak iristen. Euskaraldiko 11 egunetan zer egin lantzen ari dira orain batzordekideak.

Euskaraldia, edo euskararen erabilerari bultzada kolektiboaren prestaketa lanak behintzat, ufada betean aurrera doaz Lezon. «Begira», esan du Idoia Arbelaitz Lezoko batzordeko kideak, Oroitzene AEK-ko mahai baten gainean herrian orain artean jaso diren izen emate fitxak jartzen dituen bitartean. Orrialde asko. Ondoren, aurrera begira antolatuko direnei buruz galdetuta, ordenadoreko Euskaraldia izeneko karpeta zabaldu, eta planez, agiriz eta egitarau proposamenez betetako artxibo sorta erakutsi du. Gogoz ari dira lanean.
Euskaraldiaren herri batzordea aurkeztuta, eta aldi berean Hamaikakoa zein izango den azalduta, izen emateen aroan da orain Euskaraldia. Hala izaten ari da Lezon ere bai. Eskuz izenpetutako ahobizi eta belarriprest izan nahi dutenen fitxez aparte, Internet bidez (euskaraldia.eus orrialdean) egitasmoarekin bat egiten direnen kopurua dezentekoa da jada herrian. «Sekulako saretze lana egiten ari gara Lezon. Batzordea deitu genuenean hainbat boluntario prest agertu ziren bat egiteko. Oso batzorde interesgarri, polit eta baliagarria sortu dela esan dezaket», adierazi du, harrotasun puntua ezkutatzetik urrun, Arbelaitzek. «Gainera, askotariko eremuetara jotzen saiatu gara», zehaztu du.
Kirol, kultur, gizarte, udal, gazte, feminismo, hezkuntza, euskara eta bestelako esparrutan dabiltzan kideez osatutako batzordea da Lezoko Euskaraldiarena. «Herritar ororengana iristeko eta konpromisoa eskatzeko ezinbestekoa zen hori guretzat», onartu du. «Adibidez, Hamaikakoko kide izateko proposamena egin genien hainbatek esan ziguten haientzat ohorea zela zeregin horri eustea. Saretze lan horrekin jarraitzen dugu orain».
Keinu txikiekin
Kezka dago Lezon euskararen erabileraren inguruan. Ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala nabaria da. «Kanpotik datorren batek pentsa dezake Lezo euskalduna dela. Hein batean bada. Ni oreretarra naiz, eta herri bat bestearekin alderatzen badugu, Lezo herri euskaldunagoa da. Baina, kaleko edozein elkarrizketa arruntetan gaztelania nagusi dela uste dut. Kaletik belarria erne izaten dut, eta gaztelaniazko elkarrizketa dezente entzuten ditut».
Arbelaitzek uste du Euskaraldia joera hori iraultzeko tresna egokia dela, utzikeriagatik, edo konpromiso faltagatik agian, euskara alboratzen dela egunerokoan. «Euskaraldiak egin dezakeena da nolabait atentzioa eman. Esan hainbat ohitura alda daitezkeela, euskaldunen artekoak batez ere. Pentsa dezatela ohitura horiek eralda daitezkeela».
Aldaketa txikiak. Adibidez, lehen hitza euskarazkoa izatea. Edo eguneroko bizitzan euskararen erabileran alde eman daitezkeen keinuak Euskaraldiaren aroan biderkatzea, denboran iraunkor izan daitezen. «Helburua litzateke joera konkretuak identifikatuta, Euskaralditik aparteko urteko beste egun guztietan aldaketa horiek ematea».
Kale presentzia
Jada hainbat aste dira Lezoko Euskaraldiaren batzordeko kideak kale-lanean ari direla. Postuak jartzen ari dira herriko hainbat txokotan, izen-emateak jaso eta aldi berean materiala saltzeko. Kale presentzia hori inportantea da maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketa kolektiboari hauspoa emateko. Aste Santuaren bueltan hasiko dira txapen banaketarekin, eta Euskaraldiko 11 egunetan egunero jarduera bat egitea dute asmo.
Zentzu horretan, Arbelaitzek azaldu du Allerru Kirol Elkarteko kideek Plazeta futbol zelaian postua jarri zutela euren ekimenez. Herriko ikastetxeetako gurasoen taldeak ere izan dira ahobizi eta belarriprest-en bila, baita AEK-ko kideak, edo Piztu Lezokoak ere. «Ostiralean [gaurko egunaz ari da], udal hautetsiek ere jarriko dute mahaia Pikukaleko pasabidean», zehaztu du.
Erne: Euskaraldia Hikan parte hartzeko eskaerak ere jasotzen ari dira Lezon. Toka eta noka, Lezoko kaleetan. Ederra.