Lezoko memoria historikoa, webgune bizian
Etxetxoren, udalaren eta Aranzadiren arteko lankidetzak, frankismo garaian lezoarrek eta herrira kanpotik etorritakoek jasandako eskubide urraketak webgune batean jasotzea ahalbidetu du.

“Ez bada dokumentatzen, ez da existituko”. Esaldi horrekin laburbildu zuen atzo Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Kultur Aretoan aurkeztu zen tresnaren funtzioa. Izan ere, Lezo Oroimena webgunea aurkeztu zuten horretan parte hartu duten hiru aldeek, alegia, Etxetxo Lezoko Memoria Historiko Taldeak, Lezoko Udalak, eta Aranzadik. Egun gauzak nolakoak diren ulertzeko, atzera begiratu behar dela dionik bada, nondik gatozen jakitea egun garena asimilatzeko. Eta gauzak nolakoak izan ziren jakite horrek garrantzia berezia du, errelatoa nork kontatzen duen, eta hori jasota gelditzen ote den giltzarri izanik. Misio hori du webguneak: 1936 eta 1978 urteen artean frankismoak eragindako sufrimendua, errepresioa, mina eta erreparaziorako testigantzak jasotzea. Proiektuaren aurkezpena ez zen ezeren bukaera izan; alderantziz, gauza asko hasi ziren atzo.
Webgunea tresna bizia izango da. Datu asko daude jasota bertan. Baina hori osatzeko elkarlanerako deia egin zuten atzoko aurkezpenean hitza hartu zutenek. Udalaren izenean Mikel Arruti alkatea izan zen hizlari, Etxetxoko Agustina Pontestak ere izan zuen zer esan, eta webgunearen xehetasun teknikoak Aranzadiko Javier Bucesek eman zituen. Publikoak adi-adi jarraitu zituzten azalpenak.
Alkateak bere adierazpenen artean Etxetxoren lana goretsi zuen, “zortea dugu Lezon Etxetxo izateaz”. Arrutiren arabera, udalaren planen artean dago herriko memoria historikoa berreskuratzeko zereginean partaide izatea, “hitz egin ezin ziren horiek ahazteko arriskua dagoelako. Horiek berreskuratzea garrantzitsua da jakiteko zer pasa zen, horren ondorioak hein batean jasaten ari garela ulertu, eta egoera horiei aurre egiteko tresnak izateko”. Lan handia. Webgunea osatzeko lanketa izugarri mardula izan dela baietsi zuen alkateak, eta nabarmendu zuen aurkezpena ez zela egindako zerbaiten etena izan, baizik eta web orria bizia dela, eralda daitekeela, osatzeko aukera dagoela, eta hori bermatzeko herritarren laguntza ezinbestekoa dela. 366 izen-abizen eta haien datuak. Horiek dira webgunearen altxorretako bat. “Ia denak lezoarrak dira, baina gehiago izan daitezke. Zuetako inork errepresioa jasan zuenen berri badu, esan, eta egunera dezagun tresna hau. Eskerrik beroena eman nahi diet Etxetxori eta Aranzadiri egindako lanagatik”.
Etxetxoko Agustina Pontesta ez zen luzamendutan aritu bere interbentzioan. Irrikaz zen herritarrek webgunearen erraietatik bidaia has zezaten. Nabarmendu zuen Etxetxok datu asko dituela, lanketa izugarria egina dutelako. Horiek bateratzeko eta egituratzeko zereginean webgunea ezinbesteko dela azaldu zuen, eta udalarekin eta Aranzadirekin egindako elkarlana goraipatu. “Eskerrik asko denei”, esan zuen.
Xehetasunak
“Gure lana laguntzea izan da”, adierazi zuen, behin webgunearen traza nagusiak azaltzeko txanda iritsi zitzaionean Aranzadiko Bucesek. Izan ere, aitortu zuen Etxetxok aurrez egindako lan mardulagatik ez balitz, ezer egiterik ez legokeela, ez digitalean ez eta analogikoan. Hiru aldeko elkarlanak helburu zehatz bat izan duela aipatu zuen Aranzadikoak: 1936tik 1978era arteko errepresio frankistaren biktima guztiak izen-abizenekin identifikatzen jarraitzea, hau da, frankismo osoa hartu dute aintzat, baita ondoreneko hiru urte ere. “Biktima guztiek, legeek hala diote, justiziarako, erreparaziorako eta aitortzarako eskubide guztiak dituzte. Errepresio hori giza eskubideen urraketa garbia izan zen. Horregatik, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen arabera landu dira webguneko edukiak”.
Etxetxok identifikatutako biktimak, eta 1978ra artekoak banan-banan ari dira sailkatzen, eta horiek webgunera bulkatzen. Bucesek adierazi zuen 1960ko hamarkadatik aurrera frankismoaren kontrako adierazpideak asko handitu zirela, eta errepresioa areagotu zela, “ondorioz indarkeria politikoa areagotu zen, eta giza eskubideen kontrako urraketa larriak aurkitu ditugu, ez bakarrik frankismoak eragindakoak, baita diktaduraren kontrakoek egindakoak ere”.
Atari digitalaren ataletan sartuta, 366 pertsonaren oinarrizko fitxak nabarmendu zituen Aranzadikoak, gehienak Lezokoak: datu pertsonalak, jasandako urraketa, eta urraketa horien iturria ageri dira horietan, testigantzak tartean. Gainera, hamabi pertsonaren biografiak ere irakur daitezke. Horiez gain, Etxetxok egindako argitalpen guztien bildumaren atala dago, baita eragilearen inguruan egiten diren albisteen zerrenda ere. Testigantzak ere ikus daitezke, bideoan. Nola ez, proiektua gauzatzeko metodologia eta tekniken azalpenak jasota daude Interneteko atarian. Bilatzaile bidez, errepresio frankista jasan zutenen galbahea egin daiteke, nahi den pertsonaren fitxara edo biografiara iritsi ahal izateko.
Behin baino gehiagotan errepikatu zuen Bucesek datuak falta balira, horiek webgunean eransteko aukera dagoela. Herritarren partaidetza eskatu zuen horretarako.